argia.eus
INPRIMATU
Otegiren hautagaitza aztertzen hasi da Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea
  • Abuztuaren 29an jakinaraziko du organoak epaia eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auziaren barruan Otegiri ezarritako bi gaitasungabetzeak indarrean dauden ala ez aztertuko du.

     

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 23a
Otegi artxiboko irudi batean. (Argazkia: Dani Blanco)

Kargu publikoak izatea eta sufragio pasiboa debekatu zizkion Auzitegi Nazionalak EH Bilduko lehendakarigaiari Bateragune auziaren kondenan.

Otegiren abokatuek Iker Casanova preso ohiaren kasua jarri dute adibidetzat Otegik lehendakarigai izateko duen eskubidea aldarrikatzeko. Casanovari kargu publikoa izateko debekua ezarri zioten, baina zein kargu ziren zehaztu ez zutenez (Otegiren antzera) legebiltzarkide izan zen Gasteizko Legebiltzarrean. Fiskaltzak dio Casanovaren kasuan ez bezala Otegik sufragio pasiboa debekatua duela, hots, ez du botoak jasotzeko eskubiderik.

Hauteskunde Batzordeak Otegiri baiezkoa emanez gero, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta PP, Ciudadanos eta UPD alderdiek helegitea aurkeztuko dutela jakinarazi dute. Ezezkoa bada Iñigo Iruin abokatuak jarriko luke helegitea.

Hauteskunde Batzordearen ebazpenak bide judizialetik jarraitu beharko du orduan eta behin-betiko erabakia hauteskunde kanpainaren hasiera baino bi egun lehenago jakingo da, irailaren 7an.