argia.eus
INPRIMATU
Otegiren epaia baliogabetzeko eskaera, epailea PPko kidea dela jakin ostean
  • Espainiako Konstituzio Auzitegiko presidente Francisco Pérez de los Cobosek PPko militante-kuotak ordaindu zituela jakin ostean, hura magistratu bezala aritu zen epaiak baliogabetzeko eskatu dute Arnaldo Otegiren abokatuek.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 22a
PĂ©rez de los Cobosek PPko militante-kuotak ordaindu zituen 2008-2011 artean.

Luis Barcenasen dokumentuetan Espainiako Konstituzio Auzitegiko presidente Francisco Pérez de los Cobosen izena ere agertu da. 2008-2011 artean PPko militante kuotak ordaindu zituen.

Pérez de los Cobos 2010eko abenduaren 29an izendatu zuten Konstituzionaleko magistratu, eta pasa den ekainaren 19an hartu zuen presidente kargua.

Epaile eta magistratuek debekaturik dute alderdi politiko edo sindikatuetako kide izatea, Botere Judizialaren Lege Organikoak dioenez. Gauza bera dio Konstituzioaren 127. artikuluak: “Epaile eta magistratuek, fiskalek bezala, aktiboan dauden bitartean ezin dezakete kargu publikorik bete, ezta alderdi politiko edo sindikatuetako kide izan ere”. Artikuluaren 2. puntuak dio legeak zehaztuko duela “botere judizialeko kideen bateraezintasun-erregimena”, eta erregimen horrek “haien erabateko independentzia” bermatu beharko duela.

Espainiako Gobernuak justifikatu egin du Auzitegi Konstituzionaleko presidente Francisco Pérez de los Cobosek PPko militante karneta eduki izana magistratua zenean. 2007an, ordea, Konstituzionaleko epaileen kidetasun eta jatorriari buruzko irizpide oso zorrotza ezartzen saiatu zen. “Neurri batean lortu zuen, eta garaipen horrek bere kontra egin dezake orain”, nabarmendu du El País egunkariko Fernando Garea kazetariak.

“Auzitegi Konstituzionaleko presidentea PPko kide izateak, bera magistratu gisa aritu zen hainbat epai baliogabetzeko eskaerak eragin ditu”, dio Gareak. Arnaldo Otegi eta Baltasar Garzonen abokatuek, esaterako, haien kausei buruzko erabakiak bertan behar uzteko eskatuko dutela iragarri dute.

Abokatuek 2007an gertatutakoa erabili ahal izango dute arrazoi gisa: PPk berak hauspotutako Pérez Tremps doktrina.

Gallardonek justifikatu egin du

" Alderdi politiko bateko kide izateak ez du ardura handiko kargu baterako ezgaitzen". Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak hitz horiekin justifikatu du Francisco Pérez de los Cobosek PPko militante kuotak ordaindu izana. Gaineratu duenez, alderdi bateko kideei ardura-kargu bat hartzeko aukera ukatzea, “oinarrizko eskubideei mugak jartzea” litzateke.

Adibide moduan bere burua jarri du Gallardonek. APko kide zela baja eman behar izan zuen fiskal bezala aritu ahal izateko.