argia.eus
INPRIMATU
Arnaldo Otegi: “Ez gaude turismoaren aurka, baina baditugu desadostasunak egungo ereduarekin”
  • Asteazkenean EH Bilduk eta Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkarteak izandako bileraren berri eman dute Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, Maialen Iriarte EH Bilduko parlamentariak eta Juan Carlos Izagirre Donostiako alkate ohiak: “Adostasunak desadostasunak baino handiagoak dira”.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 17a
Eizagirrek azpimarratu zuen bere agintaldian turismoa hazi egin zela Donostian. (Arg.: EITB)

Arnaldo Otegiren esanetan EH Bildu ez dago turismoaren aurka, “hori tentelkeria galanta litzateke, guztiok garelako turistak”. Otegiren aburuz, turismoak badu bere garrantzia Gipuzkoako eta herri osoaren Barne Produktu Gordinean eta, beraz, “garrantzitsua da herrialdearen ekonomian eta zentzugabekeria litzateke gu turismoaren aurka izatea”.

Otegik adierazi zuen, hala ere, badituztela desadostasun batzuk lurraldean zabaltzen ari den turismo ereduarekin. Gipuzkoako ostalarien ordezkariekin izandako bilerari dagokionez, azpimarratu du bilkuran ikusi dela adostasunak desadostasunak baino handiagoak direla.

Bilera giro lasai eta onean egin zela zehaztu zuen Otegi, eta “paisaia eta gastronomiaz gain” Euskal Herriaren “identitate nazionala eta kulturala ere saldu behar dugula”. EH Bilduko ordezkariek zehaztu zuten, halaber, sektorean lan baldintza duinak izan daitezela eskatu zietela ostalarien ordezkariei.

Arnaldo Otegiren Twitter kontuan ikus daitezke bileraren hainbat pasarte.