Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.
42 urte igaro dira, baina justiziarik ez da egingo Espainian Francoren aginduz 1975eko irailaren 27an Burgosen fusilatutako Angel Otaegirentzat eta bere senideentzat. Duela urte bete kereila kriminala sartu zuten hilketa argitzeko, baina auzitegiek ez dute tramitera ere onartu.
Prozesuaren nondik norakoen berri eman dute udal ordezkari eta senideek. Azaldu dutenez, Azpeitiko epaitegiak kereila atzera bota du krimena “preskribatuta” dagoelako Espainiako legediaren arabera, nahiz eta nazioarteko araudian hori ez den horrela gertatzen, Mikel Elorza abokatuaren arabera.
Epaitegiak, bestalde, 1977ko Amnistia Legea ere hartu du oinarritzat kasua aintzat ez hartzeko. Gipuzkoako Auzitegi Probintzialean ere arrazoi berengatik ez dira “gaian ere sartu”. Hala, espainiar justiziaren jokabide hori ikusita, Konstituzio Auzitegiaren bidea jorratu beharrean Argentinan frankismoaren kontrako krimenen kontra irekita dagoen auzira batuko dira.
Duela urtebete jarritako kereilarekin sumarioa eskuratu eta hilketaren erantzuleak identifikatu nahi zituzten, juridikoki nola jokatu aztertzeko. Baina Espainiako legediak giltzarrapoa jarrita duen bitartean ezin izango dute halako informaziorik izan.
“Sumarioaren kopia oso bat izatea ere ukatzen zaie –azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak–. Hori sintomatikoa iruditzen zaigu oso, eta horregatik orain artean bezala babestu eta lagunduko dugu familia”.