Ostreopsis mikroalga ez da berria euskal kostaldean, eta normalean larria ere ez da gizakion osasunean izan dezakeen eragina, baina hainbat hondartzatan aurkituriko mikroalga hauen kontzentrazio altuaz ohartarazi du Euskal Elkargoak.
Ifremer eta Rivages pro Techek egindako laginek azaleratu dute hainbat hondartzatako uretan Ostreopsis mikroalgen kontzentrazioan gorakada handia eman dela, Kazeta.eus-ek azaldu duenez. Itsasoan igerian edo itsasoko airea arnastean, mikroalgak sortzen dituen toxinek sintomak eragin ditzakete uretan dauden edo urertzetik dabiltzan pertsonengan. Ekainaren erdialdetik kasu bakan batzuk izan direla dio Kazetak.
Zer da eta zer eragiten du?
Mikroalga ez da uretan ikusten, baina kontzentrazioa altua bada, materia marroi likatsu gisa antzeman daiteke arroketan, makroalgetan itsatsita edo gure azalean. Gustu metalikoa du.
Hazkura eta azaleko erupzioak eragin ditzake, baita katarroaren edo gripearen antzeko sintomak ere (eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, sukarra, dardarak, giharretako mina, buruko mina, goragalea…). Oro har, larritasun txikiko sintomak izan ohi dira, 48 orduko tartean agertzen dira (2-6 ordura, normalean) eta sintomak hasi eta 24-48 orduko tartean desagertu ohi dira.
Uretan bainua hartu eta gero dutxatzea aholkatzen da, baita arrantzaturiko arrainak ongi garbitzea ere.
Aurreko urteetako joerari jarraiki
Klima aldaketari lotutako tenperatura igoerarekin lotu ohi da mikroalga hauek agertzea, baita kutsadura fokuekin ere. Aurreko urteetan izan da kasurik Hego Euskal Herriko hondartzetan; Ipar Euskal Herrikoetan, azken hiru urteetan presente egon dira mikroalga hauek eta iaz hainbat hondartza itxi egin behar izan zituzten.