Astelehen honetan bozkatu dute aho batez okupazioaren alde 120 bat lagunek. COVID-19a dela eta, badu urte bat ia etenik gabe –udan salbu– hetsirik direla Ipar Euskal Herriko kultur guneak. Hori horrela, Frantziako Estatuko 70 bat antzoki dira okupaturik martxoaren 22 honetan.
Martxoaren 4ean Parisko Odeon antzokitik abiaturik, antzokien okupazioaren mugimendua Ipar Euskal Herrian ere hedatzen ari da. Hain zuzen, Baionako antzokiaren okupazioaren alde bozkatu dute 120 bat pertsonek martxoaren 22 honetan burutu biltzar nagusian. Ostiralean hasiko dute okupazioa.
Artistak, ikus-entzunezko teknikalariak, intermitenteak, zinemako edo museoko langileak zein ekitaldi kulturalen antolatzaileak, aniztasuna batu da 12:00tan abiaturiko biltzar nagusian. COVID-19aren izurritea dela eta, egoera gogorrean dira kultur eragileak, hain zuzen Ipar Euskal Herriko zein orokorki Frantziako Estatuko kultur gune guztiak direlako hetsirik, ekitaldi kulturalik antolatu ezinean. Kultur guneen irekitzea da okupazioaren bidez entzunaraziko duten aldarrikapena.
Horrez hain, langabeziaren aseguruaren erreformaren aurkako irakurketa egiten dute kultur eragileek, "prekarioak are prekarioago bihurtuko dituen erreforma" delako. Intermitenteen eskubideen bermatzea ere eskatzen diote gobernuari, eta orokorki kulturaren sektorea sostengatzeko plan orokor bat.
Orotara, martxoaren 22 honetan 70 bat antzoki dira okupaturik. Tolosako Grand Rond antzokian berriz, desobeditu eta antzerki baten hiru emanaldi eskaini zituzten asteburu honetan, "intermitenteen egoera baita gero kezkagarria ere salatzeko".