argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean jarriko dira abian ahobizi, belarriprest eta ariguneak
  • Azaroaren 20tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldiaren 2. edizioa. Hamabost egunez euskara “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” erabiltzeko deia egin dute ekimenaren antolatzaileek. Azaroaren 19a da izen emateko azken eguna. 

     

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 19a

2018an izan zuen arrakasta ikusita eta 2020ko Euskaraldiak izango duen testuingurua duela bi urtekoa baino bereziagoa den arren, antolatzaileek adierazi dute COVID-19ak eragindako egoerak baldintzatuta ere, euskararen alde apustu egitea beharrezkoa dela. 

Euskaraldiaren helburua hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea da, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko, norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea. Bilatzen duena da inertziak apurtzea, gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketetan babes neurriak hartzea, gizarte aktibazioa. Guzti hori ariketa modu kolektiboan bideratuz, herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatuz eta euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatuz.

Bakoitzak bere harremanetan, etxean, lanean, komertziotan, lagunartean edo internet bidezko harremanetan, hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatu eta ariketan parte hartzeko deia egin dute Euskaraldiaren sustatzaileek.

Irailaren 24an ireki zen ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko epea Euskaraldian, eta Euskal Herriko lurralde guztietako 147.000 herritarrek eman dute izena.

Bi rol ezberdinetan hartu daiteke parte, ahobizi edo belarriprest. Ahobizi, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten duena da. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean, lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen du. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten dio, betiere kideek ulertzen dutenean. Belarriprestek euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo die. Euskara ulertzen duela adieraziko du eta berarekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Euskaraz edo erdaraz erantzungo du, baina berak euskaraz egiteko eskatuko du. Aurtengo edizioan gainera, ariguneak gehitu dira. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanetan.