argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean banatuko ditugu 30. Argia Sariak
  • Ostiral arratsaldean banatuko dira Argia Sariak Usurbilgo Atxega jatetxean. Edizio berezia izango da aurtengoa, 100 urte bete baititu ARGIA aldizkariak.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 22a
Ekitaldiaren aurkezle Olatz Korta, atzean iazko saridunak dituela / DANI BLANCO

Urtero legez, ARGIAren inguruko komunitate zabala eta, gizarte eragile eta euskal kultur munduko ordezkari ugari bilduko dira bazkaltzera aipatu jatetxean.

Bazkal ostean banatuko dira ARGIAko erredakzioak erabakitako sariak, 16:00etan. ARGIAko erredakzioak erabakitzen ditu formalki, baina jende ugari ibiltzen da hautagaien bueltan, bai ARGIAko gainerako kideak eta kolaboratzailek, baita herritarrak ere. Deia egiten zaie eta hauek sare sozialen bidez erantzuten dute bereziki, hautagaien zerrenda gero eta luzeago eginez. Zeresanik ez, lan gehiago erredakzioarentzat, baina baita egoki asmatzeko aukera gehiago ere.

Euskarazko komunikazioa saritzen da ondoko alor hauetan: ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa idatzia, internet eta sustapen-ekintza. Euskal kulturan nabarmendutako pertsona, ekimen edo taldea ere saritzen da sarri, baina sari hau ez da ezinbestekoa. 30. edizioa da aurtengoa.

Hauek dira iazko sarituak: Harmaila aldizkaria eta haren egile diren Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegi (prentsa), Txantxangorria.eus webgunearen arduradun Gabi de La Maza (Internet), Jokin Aldazabalek gidatzen duen Euskadi Irratiko Ekosfera saioa (irratia), Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran, Euskal Herriko Bertsolari Txalpelketa Nagusiari ETBn egindako jarraipenagatik (ikus-entzunezkoak), Iruñeko Udala, “Eraso sexistarik ez, Iruñea aske” estrategia komunikatiboagatik (sustapen ekintza) eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak (merezimenduzkoa).

Ohikoan moduan, sarien banaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da ARGIAren webgunean. Sare sozialetan ere emango dugu ekitaldiaren berri; Twitterren, #argiasariak traola erabiliko da.