Datorren urtarrilaren 27an, ostiralarekin, egingo da Argia Sarien 28. edizioa Usurbilgo Atxega Jatetxean. Euskal kultura eta euskal gizarteko ehundik gora lagun bilduko dira bertan eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira Argiaren wegunean.
Euskarazko komunikazioan nabarmendutako ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa-idatzia, internet eta sustapen-ekintza saritzen dira urtero; Argiako lantaldeak egoki ikusten duenean, halaber, merezimenduzko saria ere ematen dio euskal kulturan nabarmendu den pertsona edo proiektuari. Sari banaketa bazkalostean egingo da, 16:00ak aldera.
Aurtengo sariak erabakita daude dagoeneko. Argiako erredakzioan aipatzen denez, gero eta zailagoa da saridunak hautatzea, batez ere gero eta proiektu eta pertsona gehiago daudelako saritzeko modukoak. Argiakoen begirada panoramikoagoa eta sakonagoa egiteko, aurten sarien hautaketarako laguntza eskatu diegu irakurleei eta dozenaka proposamen iritsi zaizkigu.
Iazko sarituak honakoak izan ziren: Joxerra Senar (prentsa), Azpitituluak.com (Internet), Goiz Berri (irratia), Gure Bazka (ikus-entzunezkoak), Gora Gasteiz! (sustapen ekintza) eta Loreak filma (merezimenduzkoa). Sarien jarraipenerako #ArgiaSariak traola erabiltzea proposatzen dugu.