argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean itxiko dute Joxemi Zumalaberen Pil-Pilean ikastaroan izen emateko epea
  • “Herri mugimenduen lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, eta gogoeta eta elkarlanaz gain, gure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko” helburuarekin jarri zuen Joxemi Zumalabe Fundazioak martxan Bor Bor (K), eta aurten hirugarren edizioa izango da. Uztailaren 15ean amaituko da izen emateko epea.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 13a

“Formazio politikoa bestelako begirada eta oinarri askatzaileagoetatik eraiki daitekeela sinistuta dihardugu eraikitzen laborategia”, eta hor parte hartzeko epea irekik berri du.

Gaiei dagokionez, bi bloke nagusi landuko dituzte ikasturtean zehar: alde batetik, herri mugimenduen antolaketa, funtzionamendua eta aliantzak; bestetik, zapalkuntzen egungo mekanismoak eta alternatiba askatzaileak.

Bloke bakoitza hiru ataletan banatuta dago: lehenean landuko dituzte pertsona, taldea eta proiektu politikoa; harremanak, zaintza eta parte hartzea; eta aliantzak eta elkarlan politikoa. Bigarrenean, begirada kritiko zorrotzarekin aztertuko dituzte zapalkuntzen jatorria eta mekanismoak eta horiek gainditzeko estrategien inguruan hausnartuko dute. Egitarau guztia ikusteko aukera dago hemen.

Urte osoko egitaraua

Ikastaroaren zati presentziala 2017ko irailaren 29an hasi eta 2018ko maiatzaren 6an amaituko da. Bederatzi hilabete horietan, saio presentzial eta ez presentzialak egingo dituzte. Presentzialak asteburu osoko bost saio izango dira eta ostiral arratsaldetik igande arratsaldera arte iraungo dute. Saio bakoitza Euskal Herriko txoko ezberdin batean egingo da eta herri mugimenduarekin lotura duten aterpe edo guneak erabiltzen saiatuko dira.

2017ko uztailaren 15a arte dago zabalik izena emateko aukera. Horretarako beharrezkoa da galdetegi bat betetzea.