argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean abiatuko da 16 eta 29 urte artekoen txertaketa
  • COVID-19aren txertoa hartzeko aukera irekiko zaie ostiralean EAEko 16 eta 29 urte arteko biztanleei. Kolektibo horren txertatzea udako hilabeteetan gauzatzea aurreikusten da.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 07a
Argazkia: Irekia

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteazkenean jakinarazi zuenez, 16 eta 29 urte arteko EAEko biztanleek ostiraletik aurrera izango dute txertatzeko zita hartzeko aukera. Txertatu nahi duten gazteek uztaila eta abuztua bitarte hartu ahal izango dute hitzordua, Osakidetzaren webgunearen bidez.

EAEn populazioararen zati honi txertoa hartzeko bideak behin irekita, Euskal Herri osoan abiaturik legoke gazteen txertaketa. Osasunbideak iragan astean eman zuen urrats hori, eta Ipar Euskal Herrian badira zenbait aste adin mugarik gabeko txertaketarekin ari direla.

Sailburuak azpimarratu duenez, txertoak iritsi ahala gauzatuko da txertaketa, aurreikuspenen arabera udako hilabeteetan. 270.000 pertsona dira 16 eta 29 urte artean daudenak, eta beste adin tarteetan oraindik txertatzear dago jendea. 60-69 urte artekoen txertatzea uztailean ixtea espero dute, eta, kalkuluen arabera, horretako 115.000 pertsonari eman behar diote txertoa. Martxan dira baita ere 40-49 eta 30-39 urte arteko txertatzeak, eta Osakidetzako langileen artean ere ez dago amaituta prozesua. Gazteenen txertaketa, beraz, baldintzatu egingo dute beste adin-tarteetako erritmoek eta heltzen den dosi kopuruak.