argia.eus
INPRIMATU
Laborarien mobilizazioak Domintxine, Gabadi eta Barkoxen, etxalde txikietako hegaztiak sakrifikatzea eragozteko
  • ELB sindikatuak azken orduko deia eginez, herritarrei eskatu die ostiral goizeko 06:00etarako mobilizatzea Frantziako agintariek hegazti guztiak sakrifikatu nahi dizkieten Domintxine, Gabadi eta Barkoxeko etxaldeen atarietan. Aurretik ELBk bilkura bat antolatuta zeukan goizeko 10:30etarako Donaixtiko plazan, baina deialdi berriak aditzera ematen du agintariek erabaki dutela egun sentiarekin jendarmeak sartzea etxaldeetan. ELBk prentsa ere kobidatu du lekuetan egotera, hiru etxaldeetan funtzionarioek kabalak hil ditzaketelakoan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko apirilaren 20a
Laborari, hautetsi eta herritarrak apirilaren 14an agintariek bidalitako funtzionarioei aurre egiten Zuberoako Barkoxen. (Argazkia: Euskal Irratiak)

Azken egunotan ELB sindikatuak dei egin die Iparraldeko baserritar, kontsumitzaile eta hautetsiei mobilizatzera, gripearen kontrako neurritzat administrazioak Domintxine, Gabadi eta Barkoxeko hiru etxaldetako hegaztiak hil ez ditzan. Justu aste bete lehenago, joan den ostiralean (14) ehunka laborari, hautetsi eta herritarrek aurre egin zieten hiru etxaldeetako oilo eta antzarak hiltzera agintariek bidalitako funtzionarioei. Hegazti guztiak hiltzeko agindua bost departamendutako etxalde guztiei manatu zaienez, Ipar Euskal Herrikoen ezezkoak oihartzun handia eduki du Frantzia osoan, TF1 telebista kateak berri emankizunik ikusienean erakutsi duen erreportaje hau lekuko. Geroztik, asteazkenean (19) Pauetik bideo-konferentziaz mintzatu dira ELBko ordezkariak eta Frantziako Nekazaritza ministerioko funtzionarioak, baina negoziaketan aurrerabiderik lortu gabe. Elkarrizketa nola joan zen laburbildu die Euskal Irratiei ELBko idazkari nagusi Panpi Sainte Mariek: "Murru baten aitzinean ginen arrunt gogor ziren, betiko katexima atera digute behar direla ahateak hil".

Funtsean, ELBko nekazari txikien proposamenik ez dute onartu agintariek eta hiru baserrietako kabale guztiak hil behar dizutela berretsi diete. ELBkoek ez dute horrelakorik onartuko, ostiralerako deialdian jakinarazi dutenez: "Jendeari zain egoitea galdegiten diegu, noiz nahi agertzen ahal baitira orai.

Hementik harat ez bada deus pasatzen, mobilizazio masiboa deitzen dugu ostirale goizeko, 10:30etan Domintxineko plazan. Laborari, kontsumitzaile, herritar, hautetsi, denen sustengua galdegiten dugu".

[Albiste hau 22:00etan eguneratu da]