Luma gorriko oilandak librako arrautza erruten zuen garaian, bazen herri txiki bat kuriosoa eta, bere modura, ederra. Itsasadar urdin baten gainean zegoen, eta Amerikak eurak ikus zitezkeen bertatik. Hango etxeetan –baita pobreenetan ere– ez zen euririk sartzen, ari ez zuenean. Ezta kaleko hautsak arrotzen ere, haizerik ez zebilenean.
Baina, inork gogoan ez duen ostiral arratsalde batean, dena nahasi zen bat-batean: ahanzturaz eta mespretxuz hasi ziren bizitzen hangotarrak hiribilduaren arkitektura eta, horrekin batera, bertako denen historia.
Katalogoaren diktadura.
Jakina da ezen, besteak beste, historia josten dela hiri baten kale, parke, pasealeku eta eraikuntzetako adabakiekin. Halere, eroak zeharo jota, herri hartako lagunek deliberatu zuten trapu berri-berriak behar zituela hiriak, munduan ezaguna izan behar bazuen etorkizunean.
Planifikatu zuten hiri berria –berri-berria–, eta egin zuten, egin, zerrenda bat “barka” zitezkeen eraikuntzekin: artistikoki esanguratsuak omen zirenekin, historikoki gogoangarriak ei zirenekin. Elizak eta komentuak salbatu zituzten. Jesuiten unibertsitatea. Lauzpabost aberaskumeren jauregiak...
Horrekin listo. Hor biltzen omen zen, hor, hiriaren arkitektura esanguratsua eta, horrekin batera, hiriaren historia. Katalogo arkitektonikoa bihurtu zen historia ofizialaren katekismo.
Eskatu zuten herritarrek honako eraikuntza ez botatzeko, hango parkea salbatzeko, halako zubiari eusteko... Agintariei, bost. Ahaztu egin zitzaien botere handiko horiei gauza txikietan amore ematea: “Ez dago katalogoan, eta hiriak espazioa behar du modernizatzeko”.
Katalogotik at geratu ziren lixiba egiteko harraskak erreka bazterretan, atso-agureak eguzkia hartzeko eserlekuak, muinoetako ikustegiak, hiriko gazte denek soldaduska egindako kaserna, bai eta oilanda gorriaren habia bera ere.
Horiek guztiak eraitsi, eta –modernoak bai, baina kanon ezinago gezari jarraituta– eraiki zituzten berrogei solairutik gorako kristalezko palazioak, laurogeiko abiaduran joateko sei erraileko autobideak, metalezko museoak, eta –lur eta espazio gehiago irabazteko aitzakiarekin– mendiak zulatu, tunelak egin eta ordain-saria jarri zuten bertatik pasatzeko.
Modernitatea, zahar.
Baina, egin zuen, egin, euri. Eta harrotu haizea. Magia hautsita, arrautza erraldoiak erruteari utzi zion oilandak.
Kolpean zahartu zen aurreko urtean modernoa zen dena. Idatzi zuten katekismo berria: katalogoa. Zerrendatu zituzten elizak, komentuak, eta lauzpabost aberaskumeren jauregiak. Bota zituzten kristalezko dorreak, eraitsi altzairuzko museoak, estali tuneletako ahoak...
Elurrak eta izotzak etorri ziren ondoren. Sargoriak eta enbatak... Atzera eregi zituzten dorreak, aurrekoak baino altuagoak. Atzera libratu butxatutako tunelak... Jakina baita pellokeriekin estali ohi direla pellokeriak.
Eta muinotik, arduraz begiratzen zioten zaharrek hiriari, bere historia gordetzen ez zekien hiribildu beti gazte eta modako izan nahi zuenari.
Behinolako eserlekuen hutsunea betirako izango zela sumatuta, hiria betetzen zuten buztinezko adreiluen distirari so eta beha, zioen bere kautan zahar haietako batek: “Burruntziko oiloa janda, burdina jan gura”.