Jean Castex Frantziako lehen ministroak eman du neurriaren berri, eta horrekin batera, beste neurri oso garrantzitsu bat ere iragarri du: igandetik aurrera etxeratze agindua bertan behera geratuko da. Azken neurri hau aurreikusi baino hamar egun lehenago hartuko da.
Maskararen erabilerari dagokionez, oro har, kanpo aldean ez da beharrezkoa izango musukoa jartzea, salbu eta jende pilaketak egoten diren leku gutxi batzuetan, esate batera, azoketan edo kirol ikuskizun zehatzetan. Frantziako agintariek adierazi dutenez, estatuko 30 milioi herritarrek dagoeneko hartu dute jada txertoa eta horren ondorioz har daiteke halako erabaki bat. Frantziako Estatuan datorren igandean egingo dira erregioetako eta departamenduetako hauteskundeak eta erabakia hau testuinguru horretan etorri da.
Herritarren txertaketa aurrera doala eta, Europa osoan ematen ari den mugimendua da eta agintariak maskararik gabeko garaia iragartzen ari dira. Nafarroan, esate batera, Maria Chivite lehendakariak iragarri berri du Nafarroan ere kanpoaldean maskararik gabe ibiltzea egia bilaka daitekeela uztailaren 1etik aurrera. Asteazken honetan bertan, halaber, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak iragarri du Espainiako Estatu osoan ere laster jarri daitekeela indarrean neurri hori. Sanchezek azaldu duenez, estatuan datozen egunetan 15 milioi herritarrek txertoek eskatzen duten dosi osoa hartuta izango dute.