argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak 3.000 lanpostu desagerrarazi dituela salatu dute besteak beste sindikatuek
  • Ostegunean Osakidetzaren zerbitzuen egoerak "okerrera egin duela" salatzeko manifestazioa egingo dute Bilbon, 18:00etan Bihotz Sakratutik abiatuta. ELA, LAB, Satse, EMS, CCOO, UGE eta ESK sindikatuek adierazi dute datozen hilabeteetan mobilizazio gehiago deituko dituztela.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 25
Osakidetzak "aldebakarreko murrizketa basatiak" inposatu dituela salatu dute sindikatuek.

Sindikatuek diotenez, "aldebakarreko murrizketa basatiak inposatu ditu Osakidetzak". Besteak beste, aipatu dute 3.000 lanpostu baino gehiago desagerrarazi eta "prekarietatea" handitu dela behin-behineko enpleguan; profesionalen lanaldia gutxienez 45 ordu luzatu eta zenbait kasutan langileak ordezkatzeari utzi zaiola; soldatetan, langileek erosteko ahalmenaren %17 galdu dutela; Osakidetzak udan 1.171 ohe itxiko dituela; eta zerbitzuak pribatizatzeko estrategiari eutsi eta formula berriak probatzen ari dela, Tolosaldean kasu.

Murrizketek zerbitzuaren "hondatze larria" dakartela salatu dute sindikatuek: "Kolapsoak, karga onartezinak, atzerapenak... Zerbitzuak kalitate-maila onargariak mantentzen ditu soilik langileen gainezkako esfortzuari esker".

Mobilizazioen egutegia

Osteguneko manifestazioak emango die hasiera kalitatezko osasun publikoaren aldeko mobilizazio berriei.

Uztailaren 7ko astean mezu elektronikoen bidalketa masiboa egingo dute Zentraletara.

Irailaren 15eko astean itxialdiak egingo dituzte ospitale handietan.

Urriaren 11n manifestazioak izango dira.

Urriaren 30eko astetik aurrera, lanuzteak eta grebak egingo dituzte, 34 ordu pilatu arte. Lanuzteak mailakaturik egingo dira, "zehaztutako helburuak lortu arte".