argia.eus
INPRIMATU
Ostegunean hirugarren greba eguna dute Arabako metalean
  • ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek hiru greba egunera deitu zituzten Arabako metaleko langileak maiatzaren 18, 24 eta 26rako. Iragan astean zein astearte honetan milaka langile irten da kalera.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 25
Astearteko Gasteizko mobilizazio nagusia. Argazkia: Hala Bedi.

Patronalak aldarrikapen jakin batzuk onartu ditzan deitu dituzte grebak sindikatuek: 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak; lanaldiaren murriztea; azpikontraten langileen subrogazioa; osasuna bermatzeko neurriak; behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea; edo hitzarmena aplikatzeko bermeak.

20.000 langile inguruk egiten dute lan Arabako metalaren adarrean. ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitu dute grebara, eta herrialdeko enpresa nagusienetako enpresa batzordeek bat egin dute deialdiarekin, hala nola Mercedes, Aernnova, CIE Automotive, Burulan, Amurrio Ferroca, Laminaciones Arregi, edo Condesa Fabril lantegietakoek.

Aurreko bi greba egunetan milaka langile

Lehenbiziko greba eguna iragan asteazkenekoa izan zen, maiatzaren 18an. Protestak herrialdearen hiriburuan zentratu ziren eta 11:30ean milaka langilek egin zuten bat manifestazioan Gasteizko kaleetatik. Patronalak %7,87an ezarri zuen grebaren jarraipena eta "porrota" izan zela ziurtatu zuen; sindikatuek deialdiaren “jarraipen zabala” nabarmendu zuten. Astearteko bigarren greba egunean, maiatzak 24, piketeak eta mobilizazioak deszentralizatu zituzten sindikatuek, Gasteizko poligonoetan eta Arabako eskualdeetan sakabanatuz.