Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.
Martxoaren 14an 23. Korrika hasiko da Irunen, 16:00etan, San Juan plazatik abiatuta. Ordu erdi lehenago hasiera ekitaldia egingo dute AEK-ko kideek, musikarien laguntzaz. Mezu sekretua lekukoan gordeta, Harro herri lelopean 2.700 kilometrotako lehena egingo dute Bidasoko AEK-ko 11 irakaslek, ikusarazteko Korrika hauspo dela Irungo euskalduntze lanak “tinko aurrera egiteko”, Beñat Alzaga euskaltegiko zuzendariak berretsi duenez.
Euskarari bultzada emateko lasterketak Lapurdi alderantz egingo du, baina Irunen festan jarraituko dutela gogorarazi dute antolatzaileek. 17:30ean Burrunba elektrotxarangak girotuko du herria, eta jarraian bi kontzertu izango dira Mosku plazan: 19:30ean Esne Beltza eta 21:30ean Bad Sound eta lagunak. Jatekoa eta edatekoa eskainiko dute txosnetan. Gainera, goizetik berotuko dute herria, 11:00etan Korrika Gaztea hasiko baita eta 12:30ean bertso trikipoteoa egongo baita. Artisau azoka ere jarriko dute, egun osoan.
AEK-k herritarrak gonbidatu ditu 23. Korrikari hasiera ematera, eta gomendatu du Irunera trenez joateko, edo autoa Ficobako aparkalekuan uzteko. Korrikaren webgunean dago informazio guztia.
Martxoaren 14tik 24ra bitartean argia.eus-en Korrikaren jarraipena egingo dugu; eduki guztiak hemen kontsultatu daitezke.