argia.eus
INPRIMATU
Ostegunean estreinatuko da ‘Elkarrizkatea’, literaturari buruzko webTB programa berria
  • Zazpi idazle gonbidatu dituzte elkarrekin hitz egitera formatu bereziko saio honetan: idazleak eurak izango dira elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile. Booktegi atariak jarri du martxan webTB saio berria.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 12a
Aritz Galarraga eta Leire Palacios, Elkarrizkatea saioko kolaboratzaileak.

Bi astean behin argitaratuko dituzte programa berriak Booktegi.eus webgunean. ARGIAren Multimedia kanalean eta Hamaika Telebistan ere ikusi ahal izango da programa.

Elkarrizketan parte hartuko duten idazleez gain, Leire Palaciosek eta Aritz Galarragak ere izango dute zeresana Elkarrizkatea-n: kazetariak eta literatur kritikariak aurkezle lanak egingo dituzte eta protagonisten ibilbidearen berri emango dute, baita haien lanen pasarte batzuk irakurri ere.

 

 

Lehenbiziko programan Arantxa Urretabizkaiak Itxaro Borda elkarrizketatuko du. Elkarrizkatearen lehen katebegia izango da, euskal literaturan aktibo dauden belaunaldien arteko loturak egingo dituena.

Liburu digitalen atari euskalduna

Aritz Brantonek gidatzen duen Booktegi.eus webgunea da ikus-entzunezko proiektu honen atzean. Badira urte batzuk Brantonek 11 Itzulpen enpresaren bidez euskal liburu digitalak argitaratzen dituen ataria martxan jarri zuenetik eta, interneteko txoko horren nobedadeekin lotuta, hainbat ekitaldi antolatu izan ditu.

“Bi ahulezi ikusten nituen euskal literaturan: liburu elektronikoaren erabilera urria batetik; eta bestetik, liburu askok kalitate handia izan arren, ibilbide laburra egiten dutela”, esplikatu zion ARGIAri iazko elkarrizketa honetan.

Pauso bat gehiago ematea erabaki du Booktegik orain, ikus-entzunezko  dibulgazioan herren samar geratua den euskal literaturari saio bat emanez. Ostegunetik aurrera, zuen pantailetan izango duzue.