argia.eus
INPRIMATU
Ernaiko zazpi kideren eta Iraitz Salegi kazetariaren aurkako epaiketa bertan behera
  • Ekainaren 11n itzuli beharko dute Espainiako Auzitegi Nazionalera Ernaiko zazpi kide eta Topatu-ko kazetari Iraitz Salegik. Ostegunean hasi epaiketa Madrilen, baina hau eten egin dute gazteek, harresia irudikatuz eta aurreko operazioan atxilotutako zazpi gazteen aurpegiekin kamisetak erakutsiz. Bertan behera geratu da.

Axier Lopez @axierL 2015eko maiatzaren 28a

Guztiei "terrorismoa goratzea" leporatuta, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.

Publikoan zeuden senide eta lagunak ere "euskal gazteria aurrera!" oihuka hasi dira eta aretoa hustu dute. Publikoan zegoen pertsona batek grabatutako bideoa:

Kasuaren testuingurua

Ernai gazte antolakundeko kideak ondorengoak dira: Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Garazi Mugertza, Mikel Moreno, Aitor Anda, Gotzon Elizburu eta Mikel Button.

2013an Gazte Danbadaren ekitaldiaren egunean Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu du Ernaik epaiketaren data ezarri ondoren ateratako oharrean: “Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan (Danbadan) bildu ginen gazte guztiok”.

Fiskaltzak eta AVT terrorismoaren biktimen elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bi urteko kartzela zigorra eskatu dute Ernaiko sei kiderentzat. Era berean, Ernaiko zazpigarren kidearentzat, Salegi eta Solabarriarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu dute.

Epaiketa gazteriaren aurkako “eraso gogorra” dela azpimarratu du Ernaik: "Haien interesen aurka doazen ahotsak isilaraztea du helburu". “Behin eta berriz kolpatu arren, konponbidearen bidean urratsak ematen jarraituko dugu. Epaitegietan eseri nahi gaituzte, baina ez gaituzte kaleetatik botako”, gaineratu dute.

Aste honetarko mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan:

Asteazkenean Soraluzen 19:00etan elkarretaratzea plaza zaharrean

Ostegunean Barakaldon 20:00etan manifestazioa Bide Onera plazatik abiatuta eta Gasteizen 19:30ean elkarretaratzea Andra Mari Zuriaren plazan.

Kazetaritza ez da delitua

Euskal Herriko 468 kazetari,  kazetaritza irakasle eta argazkilari (93 hedabidetakoak) batu ziren "Kazetaritza ez da delitua" izeneko manifestura. Iraitz Salegiri babesa adierazteko eta uztailean indarrean sartuko den Mozal Legearen aurka egiteko sortu zen dinamika.

Barakaldoko Libre mugimenduak astearte goizean egindako prentsaurrekoa

Gaur Prentsa aurrekoa Barakaldon egin dugu, Periko eta besteen epaitegi politikoak salatzeko eta osteguneko manifestazioaren deialdia egiteko. Barakaldoko gizarte mugimenduak, sindikatuak zein talde politiko ezberdinak babesarekin batera.

Libre eskubide politiko eta sozialen defentsarako dinamika lokala da, urteetan zehar aitzakia ziztrin pean euskal herritarrok pairatu ditugun eskubide zibilen urraketekin behin betiko bukatzea helburu duena. Barakaldon, libre dinamika herriko zenbait auzokideren egoerak behartuta jarri behar izan dugu martxan. Kasu ugari dira, oso ezberdinak, bai eduki eta bai egoera juridiko aldetik, horregatik "Barakaldon LIBRE" lelopean barnebiltzen ditugu denak.

Gaur udaletxe aurrean gaude, denboran gertuen dugun epaiketa Periko Solabarriarena delako, eta bera, garai batez, Barakaldoko alkateordea izan zenez, eraikin hau bere bizitzako lubaki askotako bat delako.

Periko aste honetako ostegun eta ostiralean epaituko dute entzutegi nazionalean. Terrorismoa goratzea leporatzen diote, Ernai gazte antolakundearen ekitaldi batean hitzegiteagatik. Antolakunde hontako beste gazte batzuekin batera urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigor eskaerari egin beharko dio aurre. Kasu hau, larria eta esanguratsua bada ere, ez bakarra,

Askapena antolakunde internazionalistaren ilegalizazio eskaeraren harira, antolakundeko militante den Unai Vazquezek sei urteko kartzela zigor eskaerari egin beharko dio aurre. Epaiketak oraindik ez dauka datarik, baina aurten izango dela aurreikusten da.

Perikoren eta Unairenak dira, behar bada, kasu kezkagarrienak, baina gehiago daude:

Bi gaztek ikasle greba batean parte hartzen ari zirela identifikatu zituzten, orain, urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigor eskaerari egin beharko diote aurre, desordenak egotzita.

Bestalde, badago gazte bat urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigor eskaria duena, Gurutzetako ospitalean emakumeek aborto eskubidearen alde burututako itxialdia babesten ari zela atxilotua.

Prozesu hoietaz gain badaude zenbait salaketa oraindik epaiketa izatera heldu ez direnak.

Alde batetik, Carlos Urquijo gobernu ordezkariak salatu zituen bost gazte, Espainiari irain egin eta segurtasun indarrak iraindu eta mehatxatzea egozten dietenak, ustez ekitaldi publiko batean parte hartzeagatik. Delituok ez dakarte kartzela zigorrik eta kasua instrukzio fasean dago egun.

Bestetik, pasaden asteko “Operación Araña” delakoan atxilotutako bi Barakaldarren kasua, sareetan beren iritzia adierazteagatik terrorismoa goratzea leporatzen dietenak.

Noiz arte jasan behar dugu egoera hau? Barakaldon Libre dinamikatik epaiketa politikoekiko gaitzespena adierazi nahi dugu, eta aldi berean auziperatu guztiei gure babesa helarazi. Horregatik, eskubide sozial eta politikoen alde zaudeten guztiei luzatzen dizuegu mobilizatzeko deia. Ostegunean, arratsaldeko zortzietan, Bide Onera plazatik epaiketa politikoen aurkako eta Periko Solabarriaren askatasunaren aldeko manifestazioa burutuko dugu.   Gure ideien eta eskubideen jabe garelako, epaiketa politiko gehiagorik ez.

Periko eta besteak Barakaldon LIBRE!

ATXIKIMENDUAK Gizarte Mugimenduak Argitan, Asamblea de Parados y Paradas de Barakaldo, Asociaciones de Vecinos y Vecinas de Artagabeitia-Zuazo, El Karmen “Biltzarrea”, Rontegi y Lutxana., Barakaldoko AEK-ko irakasleak, Barakaldoko Gazte Asanblada, Barakaldoko Hezkuntza Bilgunea, Berri Otxoak, Eguzki, Ekologistak Martxan, Ernai, Etxerat, Iretargi

Sindikatuak: CNT, CGT-LKN, ELA, ESK, LAB, STEE-EILAS

Talde politikoak: EH Bildu, Irabazi