argia.eus
INPRIMATU
Ostegunean emango dute Ion Paroten baldintzapeko askatasunari buruzko epaia
  • Ion Parot euskal presoa baldintzapean aske uztea eskatu zuten larunbatean ehunka herritarrek Baionan. Datorren ostegunean ebatziko du Parisko Dei Auzitegiak erabakia. Epaileak eskaria onartu bazuen ere, prokuradorea ez da iritzi berekoa.  

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 19a
Paroten askatasuna eskatu zuten larubateko giza-katean Baionan. Irudia: @Bagoaz

Berriak jorratu duenez, bosgarren aldia da Parotek baldintzapeko askatasuna eskatzen duela. 28 urte daramatza preso eta orain arteko eskaera guztiak bere horretan utzi ditu Frantziako Justiziak. Hirugarren aldia da epaile batek kasua aztertzeko eskaera onartzen duela, baita ere prokuradorearen ezezkoa jasotzen duela: orain arteko saiakeretan epaileak prokuradorearen hitzari men egin dio.

Ehunka lagunek giza-katea osatu zuten larunbatean Baionan Paroti babesa adierazteko. Osteguneko ebazpenaren zain, Herve Jonathan Baionako supreferta berriari gutun bat helarazi zioten, euskal presoaren egoera zein den gogoraraziz. Anne-Marie Michaud Giza Eskubideen aldeko Defentsa Komiteko presidenteak azaldu zuen “erabaki justu bat“ espero zuela Frantziako Estatuaren aldetik eta batez ere, “humanoa" izan dadila: “erabaki politikoa da ostegunekoa". Bake prozesu baten testuinguruan gaudela gogorarazi zuen eta ez zuen ostegunari begira iragarpenik egin nahi izan. “Euskal gizarte zibila marka dezakeen zinezko urrats bat egiteko aukera izan dezakete. Orain, egiazko erabakiak behar ditugu. Legezkoak, zuzenak eta humanoak. 28 urte preso: aski da".

Abenduan laburbildu zuen Julien Brelek Paroten egoera: “Baldintzapean askatzea onartzeko jartzen diren irizpideak hartuko balira kontuan, kanpoan beharko luke. Baina nola dosierrak dimentsio politikoa ere baduan, eta nola Espainia aldean ere interesak dauden, horrek egiten du dosierra biziki berezia izatea”. Ebazpena jakin bitartean, elkarretaratze iraunkor baterako deia zabaldu du Bagoazek: 13:00etatik 17:00ak arte, Baionako Lesseps kaian bilduko dira.