argia.eus
INPRIMATU
Ostegunean egingo diote omenaldia Jabi Lauzurika “Apolo”-ri Bilbon
  • Ostegun honetan, uztailak 9, omenaldia egingo diote Jabi Lauzurika "Apolo"-ri, Bilboko Kafe Antzokian. Larunbatean hil zen Lauzurika, 58 urte zituela. 20:00etan hasiko da ekitaldia.

ARGIA @argia 2015eko uztailaren 07a
Gabriel Aresti euskaltegiko irakaslea eta Bilbo Hiria Irratiko esataria zen 'Apolo', besteak beste. (Arg.: Bilbo Hiria).

Euskalgintzan eta bertso munduan oso ezaguna zen Jabi Lauzurika, batez ere Bilbo aldean. Bertako Kafe Antzokiaren sorreran parte hartu zuen, hala nola lokala gestionatzen duen Zenbat Gara elkartearenean. Azken urteetan, Gabriel Aresti euskaltegian irakasle jarduteaz gain, Bilbo Hiria Irratiko esataria izan da, baita Potojorran bertso-eskolako kidea ere.

Bilbo Hiria Irratiko hainbat saiotan aritu izan da Lauzurika: Zeingou asteburuan?, Ibaizabal, eta bertsolaritzari buruzko Potto, berak sortutakoa. Halaber, Bilboko Ibaizabal web bidezko telebista proiektuaren sustatzaileetako bat izan zen 2008an.

Durangarra sortzez, aspalditik bizi zen Bilbon. Baxenafarreko Arrosara joaten zen sarri, eta hain zuzen han hil zen, ezustean, mendi buelta egiten ari zela.