argia.eus
INPRIMATU
Ostegunean Bilbon emakume bat eta haren bost urteko alaba etxetik kaleratu nahi dituztela salatu dute
  • Alogerekoak Etxebizitza Sindikatuak salatu du auzokideen egoera. Etxe kaleratzea kaltetuari inolako alternatiba habitazionalik eskaini gabe gauzatzeko asmoa dutela ohartarazi dute, eta alternatibaren bat lortu artean auzokideak defendatuko dituztela jakinarazi.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 07a
Etxebizitzaren aurkako manifestazioa Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astearte gauez jo zuen alarma Bilboko Deustu eta San Inazio auzoetako Alogerekoak Etxebizitza Sindikatuak, bi egunen buruan Arangoiti auzoko bizilagun bat eta haren bost urteko alaba etxe kaleratzeko asmoa zegoela iragarriz. Sindikatuak emandako zehaztapenen arabera, etxe kaleratzeko arriskuan dagoen emakumeak uztailaren 8ko datarekin dauka kaleratze agindua, goizeko 10:30ean, eta duela bi aste eskas heldu zitzaion jakinarazpena “bere bizilekua utzi dezan presioa eginez”. Gauzak horrela, auzokideak “maniobrarako tarte gutxi” izan duela azpimarratu dute.

Etxe kaleratze data gainean zuela, auzoko Etxebizitza Sindikatura jo du kaltetuak, eta kasua salatzearen aldeko hautua egin dute, xede argi batekin: emakumearentzat eta haren alabarentzat alternatiba habitazionala negoziatzea. Gaur gaurkoz, ez baitiete halakorik eskaini. Egoeraren erantzuleen partetik jarrera aldaketa esperoz, asteazken goizean, “instituzioen konplizitateagatik eta eraginkortasun ezagatik auzokideak bere bizia eta etorkizuna bat batean trunkaturik ikusteko 24 ordu baino geratzen ez direla”, Bilboko Gizarte Ekintza Sailaren egoitzara jotzeko asmoa zutela iragarri dute. Aurrez aurreko horretan egoerari aterabidea negoziatzea dute xede auzokideak eta sindikatuak, eta bertan hitz egindakoarekin, emango dute kasuaren egoeraren berri. Herritarrei dei egin diete berriei eta deialdi posibleei adi egotera.

Konfinamenduan hasi zen alokairua ordaintzeko arazoak izaten emakumea, baina bere zaurgarritasun ekonomiko egoera ez da izan etxe kaleratzea eteteko motibo, azpimarratu dutenez. Hori gutxi ez, eta emakumeak indarkeria matxista ere pairatu duela gehitu du sindikatuak. Seinalatu dutenez, Bilboko 1 Barrutiko Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Unitatearentzat eta Etxebiderentzat “bi arrazoi horietako batek ere ez dirudi nahikoa etxe kaleratzea geratzeko”. “Beste behin, errealitateak erakusten digu etxebizitza arazoa zeinen estu loturik dagoen genero auziarekin. Prekarioago izateak, eta auzokide honen kasuan bezala indarkeria matxista pairatzeak, kalteberago bilakatzen gaitu etxebizitza arazoaren aurrean”, egin dute irakurketa.