Kale gorrian bizi direnei lotarako lekua eman diezaieten exijitzeko, ostegunero kalean lo egiteko deialdiak ari da egiten Donostiako Hiritarron Harrera Sarea. Datorren ostegunean ere kalean pasako dute gaua aterpea duten hainbat pertsonak, protesta gisa. Arazoari konponbidea eman ezean, martxoa amaiera arte ostegunero ekimena errepikatzeko asmoa agertu du sareak.
Hirugarren astez, ostegunetik ostiralerako gaua kalean igaroko dute hainbat herritarrek Donostian, hirian kale egoeran dauden 200dik gora pertsonarekin elkartasun keinuan. Sareko kide batek Naiz-i azaldutakoaren arabera, ekimenaren helburua da udalari exijitzea kale egoeran daudenei lotarako leku bat eman diezaietela, eta zehazki La Sirena aterpetxea negu osoan zabal dezatela. Izan ere, soilik gradu kopuru jakin batetik beherako tenperatura dagoenean irekitzen dute La Sirena, izozte arriskua iragarrita dagoenean.
Helburu horrekin, bi ostegunez atera dira kalean lo egitera hainbat pertsona. Otsailaren 9an 60 lagun inguruk egin zuen lo Bulebarrean, eta otsailaren 17an Gipuzkoa plazan pasa zuten gaua 40 bat pertsonak. Otsailaren 24an ere berriz kalean lo egiteko deia luzatu du Donostiako Hiritarron Harrera Sareak; Gipuzkoa plazako aterpeetan pasako dute gaua.
Arazoari konponbidea eman ezean, martxoa amaiera arte ostegunero ekimena errepikatzeko asmoa agertu du sareak.