argia.eus
INPRIMATU
Ostegun honetan aukeratuko dute Frantziako Legebiltzarrerako presidentea
  • Sei hautagai dira Frantziako Legebiltzarrerako presidente izateko lehian –ezkerretik bat, Macronen aldeko bi, eskuinetik bat, eskuin muturretik beste bat eta independente bat–. Horrez gain, dozenaka eragilek deiturik, FHB Fronte Herritar Berriaren garaipenaren aitorpena galdatzeko mobilizazio eguna dute ezkertiarrek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 18a

15:00etan abiatuko dute Frantziako Legebiltzarreko presidentea hautatzeko bozketa. Orotara sei hautagai dira lehian, eta gehiengo osorik ez dagoenez, ezin jakin zehazki zeinek irabaziko duen. Orain arteko presidente Yael Braun-Pivet macronista berriz aurkezten da, baina Macronen aldekoen botoak zatituko dira, hain zuzen, Horizons talde zentristako Naima Moutchou ere lehian delako. Ezkerreko FHB Fronte Herritar Berriak hautagai bakarra aurkeztu du, André Chassaigne komunista, eta eskuinari dagokionez, Philippe Juvin da Errepublikarrak-en ordezkaria eta Sébastien Chenu eskuin muturrarena. Seigarren bat ere bada, Charles de Courson, eskuinetik ezkerrera hainbat diputatu biltzen dituen LIOT –Askatasunak, Independentzia, Itsasoz haraindikoak eta Lurraldeak– talde independenteko kidea.

FHBren garaipena aitortzearen aldeko protestak

Emmanuel Macron presidenteak ez du ezkerraren garaipena aitortu nahi, eta oro har, zentroko zein eskuineko beste alderdiek ere ez diote ezagupenik bideratzen FHBren gehiengoari. Ezkerreko lehen ministrorik eta gobernurik ez dutela onartuko diote guziek. Hori horrela, ezkerreko diputatuen taldea baino handiagoa litzatekeen gehiengo bat osatu nahian dabiltza zentrokoak zein eskuinekoak. Bide horretan, Macronen Ensemble pour la République [Elkarrekin Errepublikarentzat] eta eskuineko Errepublikarrak alderdien arteko taldea osatu nahian dabiltza batzuk. Orain arte Ensemble deitzen zen Macronen inguruko taldea, baina uztailaren 15ean izenez aldatu eta Elkarrekin Errepublikaren alde izendatu dira, geroz eta bakartuagorik den Macronez bereizteko eta zabaltasuna islatzeko asmoz.

Blokeo politiko hori ikusirik, FHBren garaipenaren aitorpenaren aldeko protesta eguna da uztailaren 18a. CGTk deiturik eta dozenaka eragilek bat eginik, elkarretaratzeak eta mobilizazioak finkatuak dituzte prefekturen aitzinean eta legebiltzarretik hurbil ere. Orotara 80 bat protesta zenbatu ditu CGT sindikatuak.