argia.eus
INPRIMATU
Ostegun arratsaldean irekiko ditu ateak Durangoko Azokaren denda digitalak
  • Durangoko Azoka birtualki egingo da aurten, eta ostegunean egingo da publiko denda digitala. Produktuen salerosketaz gain, 100 ekitaldiko kultur egitaraua ere antolatu dute.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 26a
Aurtengo programa eta denda digitala aurkezteko prentsaurrekoa, Landako gunean (Argazkia: Durangoko Azoka)

Pandemiaren ondorioz, Durangoko Azokak ere testuingurura egokitu egin behar izan du 55. edizioa. Ondorioz, aurten Durangoko Landako gunea ez da jendez beteko, eta bestelako itxura izango du: online dendaren biltegi eta kultur ekitaldi ezberdinen erakustoki izango da.

www.durangokoazoka.eus denda birtualean 2.319 produktuko katalogoa aurkitu ahalko du bertan sartzen denak, eta “desioen saskia” izenekoan bildu ahalko du erosi asmo duena. Saskian bildutakoa, azokak irauten duen egunetan ordainduko da, abenduaren 4tik 8ra bitartean. Ordura arte, ezingo da erosketarik burutu.

Gerediaga elkarteko kudeatzaile Arantza Atutxa pozik agertu da denda digitalak eragileen artean izan duen harrerarekin. Azaldu duenez, aurreko edizioetan azokan egon izan diren argitaratzaileen %90 inguruk egin du bat aurtengo edizioarekin, eta orotara 185 argitaletxe, diskoetxe, kultur erakunde eta auto-ekoizlek salduko dituzte beren lanak denda digitalean.

Salerosketaz gain, baina, kultur eskaintza ere izango da aurtengo azokan, 100 ekitaldiko egitaraua osatu baitute. Ostegun arratsaldean egingo da publiko egitaraua ere, eta horrekin batera emanaldiak bertatik bertara jarraitzeko erreserbak egiteko aukera irekiko da. Kultur eskaintzak zuzenean ikusteko aukera mugatua izango da osasun neurriengatik, baina sarean jarraitu ahalko dira. Kultur ekitaldiak Plateruena kafe antzokian eta Landako gunean egingo dira, musika izanik Plateruenako egitarauaren ardatza, eta aurkezpenak eta ikuskizunak Landako guneko ardatza.