argia.eus
INPRIMATU
Ostalaritzaren itxiera ordua aurreratu dute Nafarroan
  • Kutsaduraren igoera dela-eta hartu du neurria Nafarroako Gobernuak. Asteazken gauerditik aurrera 01:00ak arte ireki ahal izango dute ostalariek, gehienez ere. Nafarroako Gobernuak “zuhurtzia” eskatu die herritarrei.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 05
Irudia: navarra.es

Eguerdian iragarri du berria Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek. Kutsatuen kopuruak Nafarroan gorakada nabarmena izan duela azaldu du Indurainek, denbora tarte laburrean eguneko 50 positibo identifikatzetik asteleheneko 507etara egin duela jauzi. Egoera “nahiko kritikoa” dela iritzita, ostalaritzaren itxiera ordutegia aurreratzea erabaki du gobernuak. Iragan astetik 02.00ak edo 04:00 arte ireki zezaketen gaueko establezimenduek, lizentzia motaren arabera. Asteazkenetik aurrera ostalaritzari eta gaueko aisiari loturiko espazio guztiek 01:00etan itxi beharko dute beranduenez. Ordutegi berria uztailaren 20ra arte egongo da indarrean “gutxienez”.

Kutsaduren igoera mugikortasuna areagotzearekin eta eremu itxietan jende gehiago elkartzearekin lotu du Indurainek, batetik. Bestetik, ikasturte amaierako bidaia Saloun (Herrialde Katalanak) iragan duten gazteen etorrerak izaniko intzidentzia azpimarratu du. Gazte horien artean COVID-!)aren delta aldaera nagusitzen dela azaldu du, aldaera bereziki kutsakorra. Herritarrei zuhurtziaz jokatzeko segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu die Osasun kontseilariak.