Ostegunean egoera azaltzeko prentsaurrekoa egin dute Eragin Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladako kideek. Isunak bertan behera uzteko exijitu diote Bilboko Udalari eta eta ostalaritzako langileen lan baldintzak defendatzeko dinamika indartuko dutela adierazi dute.
Urtearen hasieran Eragin Bilbok bultzatuta, ostalaritzako hainbat langile saretzen hasi ziren, zeukaten egoera aztertzeko, izan ere, “turistifikazio prozesu indartsuaren” ondorioz, sektoreko langileen baldintzek okerrera egin dutela azaldu dute: “Elkartu eta berehala konturatu ginen erabat atomizatuta geunden arren, problematika beretsua partekatzen genuela. Horrekin batera, legez zegokigun ostalaritzako hitzarmena ezagutzeko aukera izan genuen, eta bertan onartuak zeuden eskubideetako asko gure lanpostuetan ikusi ere ez genituela egiten ohartzeko balio izan zigun”.
Langileen lehenengo pausua ezezagunak zitzaizkien eskubide horiek gainerako lankideekin partekatzea izan zen “sektoreko prekarietate egoera duintze aldera”. Horrela beraz, hitzarmenaren sozializazio kanpaina bat abiatu zuten eta taberna inguruetan jartzeko kartel informatiboak atera zituzten.
Kartel hauek jartzeagatik Udaltzaingoak identifikatu eta Bilboko Udalak 2.250 euroko isuna ezarri dietela salatu dute, guztira 6.750 euroko isuna jarriz. “Argi eta garbi adierazi nahi dugu, hemen eta orain, zigor hau astakeria hutsa dela eta muga guztiak igarotzen dituela".
"Ez da kasualitatea"
Kartel batzuen bidez langileek beraien lan eskubideen berri emateagatik isun hau jasotzea onartezina dela azpimarratu dute: “Ez da kasualitatea Bilboko Udalak ostalaritzako langileak jo puntuan jarri eta antolatzen hasi eta berehala erreprimitu izana. Ongi baino hobeto dakite beraien postaleko hiri hau ezin dela mantendu gure bizitzak prekarizatzen ez bada”.
Prentsaurrekoan Bilboko Udalari "isun bidegabe hauek" bertan behera uzteko exijitu diote gazteek eta ostalaritzako langileen lan baldintzak defendatzeko dinamika indartuko dutela adierazi dute.