argia.eus
INPRIMATU
Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari
  • EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei TicketBai sistema ezartzeko.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko abuztuaren 14a

Polemika izan da, hain zuzen, Gasteizko jaietan, Arabako Aldundiak txosnei TicketBai sistema ezartzea derrigortu dielako. Txosnek itxuraz ez dute fakturen sistema hau erabili, eta Aldundiak espedientea ireki die.

Gasteizko Txosnek jai herrikoien kontrako erasoa zela salatu zuten, kontuan izanda txosnak ez direla irabazi asmoak dituzten enpresak, boluntarioak baizik.

El Diario Vasco-k jaso ditu Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritzako idazkari nagusiaren hitzak. Bere iritziz, txosnak dituzten eta “elkartasuna” sustatzen duten herri mugimendu askok “koherentea” izan beharko lukete, eta “poltsikoko elkartasuna praktikatu, ez ahokoa bakarrik”. Nabarmendu duenez,  fakturaren bidez ordaintzen den BEZaren %10 horrekin gero “osasun unibertsala, doako hezkuntza edo DSBE ordaintzen direla hilaren amaierara iristen ez diren ahulenentzat”.