argia.eus
INPRIMATU
Ostalariek laguntzak eskatu dituzte Iruñean eta Bilbon egindako mobilizazioetan
  • Ostalariak mobilizatu dira berriro, oraingoan Iruñean eta Bilbon, pandemiari aurre egiteko neurrien ostean euren sektoreak bizi duen egoera salatzeko eta administrazioei erreskatea eta laguntzak eskatzeko.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 16a
Argazkia: Eitb.eus Argazkia: Eitb.eus

Ehunka lagunek parte hartu dute igandean Iruñean, SOS Ostalaritza plataformak deitutako manifestazioan, eta "erreskate plan berehalakoa eta erreala" eskatu dute. Bilbon, berriz, agerraldi bat egin dute helburu berarekin udaletxean.

Iruñeko mobilizazioa 12:00etan abiatu zen Sarasate pasealekutik. Txilibituak joz eta "ostalaritza ez da erruduna" bezalako oihuak eginez, alokairuen eta hipoteken ordainketa geldiaraztea edo soldaten %100eko osagarria edukitzea aldarrikatuz zeharkatu zituzten hiriburuko kaleak. Mobilizazioa amaituta, SOS Ostalaritza plataformak egoera aldatzeko eta egunez egun pairatzen dituzten arazoak konpontzeko Nafarroako Gobernuaren arduragabekeria salatu zuen eta beharrezko erreskate planaren garrantzia azpimarratu. 

Bilbon, sektoreko dozenaka profesional mobilizatu dira udaletxearen aurrean, segurtasun neurriak errespetatuz egin dute agerraldia. Osasun araudiak ezarritako mugekin "zorrak eta alokairuak ordaintzeko" lan egiten dutela ohartarazi ostean, "pandemiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat" dela azpimarratu dute. Hori dela eta, kalte-ordainak eskatu dituzte, baita langileek enplegu erregulazioko espedienteen %100 kobratzea ere.