argia.eus
INPRIMATU
Ospitaletako sukaldeen kudeaketa berriz publikoa izango da Nafarroan
  • Osasun kontseilari Fernando Dominguezek iragarri du ekainaren 1etik aurrera kudeaketa publikoa izango dela Nafarroako sare publikoan.

Axier Lopez @axierL 2017ko maiatzaren 12a
Irudia: Nafarroako Gobernua

Janaria zerbitzatu eta sukaldeko tresnak garbitzeko enpresarik ez denez aurkeztu lehiaketa publikora, publiko izatera pasako da zerbitzu hori lau urtez enpresa pribatuen esku izan ostean.

Osasunbideak adierazi du aurrikusia zutela egoera hau eta zerbitzua berriz publiko bihurtzeko hartu beharreko neurriak aztertu dituztela. Hala, ekainaren 1etik aurrera, Nafarroako ospitale publikoetako sukaldeen kudeaketa berriz ere publikoa izango da.

Orain arte sukalde lanetan aritu diren 42 langilerekin batera, 100 langile berri izango dira. Kostuari dagokionez, Dominguezek aurreikusi du urtero 3,3 milioi euro beharko direla zerbitzu hori behar bezala eskaintzeko.

Mediterranea Catering

UPNk zerbitzua pribatizatu zuen eta Mediterranea Catering enpresari esleitu zion 2013an. Makina bat kexa egon dira pribatizazioaz geroztik. 2.211 erreklamazio eta kexa jaso zituen Osasunbideak, zerbitzua martxan jarritakoan. Iruzkinak denetarikoak izan dira azken urteotan: torlojuak aurkitu dituzte pazienteek, arrak, tenperatura baxuegia edota altuegia zuten platerak, akatsak menuetan, eta abar.