argia.eus
INPRIMATU
Xabi Otegi, garraiolaria
“Ospitaleetarako materiala garraiatzen aritu beharko ginateke, ez etxeetarako bizikleta estatikoak”
  • Garraio enpresa batean ari da Xabi Otegi Amundarain eta bizi dugun egoeran beren lana estrategikoa dela argi du, baina galbahea eskatu diete nagusiei: zein den bermatu beharreko zerbitzua eta zein ez, benetan estrategikoa dena baino ez egiteko. “Atzera-aurrera nabil lanean, inolako bermerik gabe”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 26a

Garraiolariek zein funtzio bete beharko zenuketela egoera honetan, eta zein zerbitzu ari zarete ematen?

Estrategikoak gara, baina ez edozertarako estrategiko. Alegia, koronabirusaren krisiari erantzuteko beharrezkoak diren gailuak eta materialak ospitaleetara garraiatzen eta elikagaiak behar diren lekuetara eramaten aritu beharko ginateke, baina egoera normal batean egiten dugun lana ari gara egiten: ureztagailuak, ardoa, koktelerak… garraiatzen, eta azken astean asko-asko, etxeetarako bizikleta estatikoak, muskulazio aparailuak, korrika egiteko zintak eta halakoak. Gu prest gaude egoera zail honi buelta ematen laguntzeko, baina ez koktelerak garraiatzen ibiltzeko. Sistema martxan mantentzeko ari gara lanean.

"Ezin da pentsatu norbere zilborrean baino ez. Gasteiztik Donostiara bizikleta bat eramateko, hiru garraiolarik atera behar dute etxetik"

Etxean kirola egiteko eta bestelakoetarako eskaerak egiten jarraitzen duen jendea kontziente da zer suposatzen duen zuentzat?

Egoera normal batean, sistema hau ez da jasangarria, ez da jasangarria gaur bizikleta bat eskatu eta bihar zure etxera iristea, gainera enpresa ugarik garraio-zerbitzua doan eskaintzen dutenean, bada bizi dugun egoera berezi honetan, are jasangaitzagoa da. Ezin da pentsatu norbere zilborrean baino ez. Gasteiztik Donostiara bizikleta bat eramateko, hiru garraiolarik atera behar dute etxetik, eta horri gehitu bulegoetako, biltegietako… langileak. Premiazko garraioak egin behar dira, eta beste lan horiek denbora kentzen digute eta gure osasuna arriskuan jartzen dute (ez dakigu gailu horiek zeinek ukitu dituen eta banatzaile gehien-gehienak autonomoak izanik, ez dute baliabide nahikorik ez protokolorik). Jendeak izan dezala hori guztia kontuan, eta berdin eskaerak egiten dizkiguten enpresa eta negozioek; atzo bertan lore-denda bat kexu genuen, ez zitzaizkiolako eskaturiko loreak iritsi.

"Eskularruak eta maskarak behar diren lekuetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta halakoetan, materiala falta dute, eta guk, muskulazio aparailuak zuen etxera helarazteko, soberan ditugu eskularru eta maskarak"

Garraiolariak kutsatuta egonez gero, leku batetik bestera eraman dezakezue gainera birusa.

Hala da, eta ez Euskal Herrian soilik. Gure lantokitik Europa osora bidaiatzen dute hamar-hamabost bat kamioik. Egin kontu.

Zein babes neurri dituzue zuen enpresan?

Egunero entzuten dugu eskularruak eta maskarak behar diren lekuetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta halakoetan, materiala falta dutela, eta guk, muskulazio aparailuak zuen etxera helarazteko, soberan ditugu eskularru eta maskarak. Ez duguna da formaziorik eskularruak eta maskarak zehazki nola jarri eta nola kendu jakiteko. Enpresak jartzen digu materiala itxura egiteko, baina ez du inongo ardurarik hartzen gero horiek erabiltzen direla bermatzeko, eta betebehar hori du enpresak, are gehiago larrialdi egoera batean, bestela langile batzuek nahiago dute adibidez kamioia kargatu segurtasun neurri horiek hartu gabe, lanerako “deserosoak” direlako.

Eta panorama zein da zuenean? Kutsaturik?

Jakin nahiko nuke. Zortzi-bederatzi lankide etxean izan ditugu, kalenturarekin, baina koronabirusa ote duten jakiteko probarik egiten ez digutenez, ofizialki ez daukagu positiborik.

"Agintariei sen ona eskatu nahi diet, jar dezatela ekonomia bizitzaren zerbitzura, eta ez alderantziz"

Zein mezu duzu gure politikari eta enpresarientzat?

Enpresari guk egin diogu eskaera dagoeneko: galbahea egin dezala, zein den bermatu beharreko zerbitzua (ospitaleetara arnasgailuak iristea, adibidez) eta zein ez. Eta hori eskatuko nieke enpresa guztiei, benetan estrategikoa dena baino ez dezatela egin. Aldi berean, ez dut ezagutzen estrategikoa izanik hain prekarizatuta dagoen sektorerik, garraioan ditugun baldintzak oso txarrak baitira.

Agintariei sen ona eskatu nahi diet, jar dezatela ekonomia bizitzaren zerbitzura, eta ez alderantziz. Herritarrak arriskuan jartzen ari dira, gure osasuna arriskuan jartzen. Eta ez gurea bakarrik, baita etxekoena ere; nire kasuan, bi aste emango ditu familiak etxetik atera gabe, tartean 9 hilabeteko umeak, eta aldiz ni atzera-aurrera eta barrura-kanpora nabil lanean, inongo bermerik gabe.