argia.eus
INPRIMATU
Mediku israeldarraren salaketa:
“Ospitalean preso palestinarrak esku eta hankak lotuta eta begiak estalita dituzte egun osoan”
  • Israelgo mediku batek akusazio larriak egin ditu bertako gerra ospitale batean palestinarrei ematen dieten tratua dela eta: hanka eta eskuak esposatuta dituzte, anputazioak jasaten dituzte, pixoihaletan egiten dituzte haien eginkariak, eta lastotxo batekin elikatzen dituzte.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko apirilaren 05a
Argazkia: AFP/Said Khatib

Urriaren 7aren ondoren eraiki zen Sde Teiman gerra ospitalea, Gaza eta Bersheeba hiriaren artean, Néguev basamortuan, eraso hartan parte hartutako palestinarrak artatzeko. Salaketa egin duen medikuak Israelgo Haaretz egunkariari jakinarazi dio han gertatzen dena. Egunkariak ez du haren izenik eman, baina ez da anonimoa, medikuak Israelgo Gobernuari eta Defentsa ministroari igorri baitie egunkariak argitaratutako gutuna.

Medikuak gutunean zehazten duenez, ospitale horretan ez dira Israelgo legeak betetzen ari eta borrokalari palestinarren eskubideak urratzen ari dira. Horrek ekartzen dio “ospitalearen sorreratik eta gaurdaino sarritan arazo etikoei aurre egin behar izatea”.

Salatzen duenez, ospitaleak ez du medikamentu eta osasun hornidurarik jasotzen modu ordenatu batean. Gaixo guztiek hankak eta eskuak eskuburdinez lotuta dituzte egun osoan, begiak estalita, lastotxo batekin jaten ematen zaie, eta horietako asko eginkariak pixoihalean egitera behartzen dituzte. “Baldintza horietan, dio medikuak, gaixo gazte eta osasuntsuek ere pisua galtzen dute aste bat edo biren buruan”.

Gaixo gehienak haien atxiloaldian izandako kalteen ondorioz doaz ospitalera, besteak beste, denbora luzez kateatuta egon izanak sortutako zauriengatik. Horrela, horietako askok ebakuntza kirurgikoak behar izaten dituzte. Haaretz-ek hiru iturrietatik jaso duenez, iaz preso bati eskua moztu behar izan zioten luzaroan kateatuta egondako zaurien ondorioz.

Haaretz-ek hainbat funtzionariorekin hitz egin du gaiaz eta guztiek oso seriotzat hartzen dituzte medikuaren akusazioak eta, haien ustez, ikertu egingo dira. Israelgo Armadaren ustez, aldiz, ez da ikerketa sakonagoa ireki egindako ikerlanetan ez delako delitu aztarnarik aurkitu: “Atxilotu bakoitzaren artatzea dokumentatuta eta gainbegiratuta dago, eta atxilotuen duintasun humanoagatik muturreko arretarekin zaintzen da. Terrorismo susmagarrien artean badira oso arriskutsuak, eta horiek edozein israeldarri egin nahi diote min, baita medikuei beraiei ere”.

Osasun Ministerioko funtzionario baten esanetan ere, “Sde Teiman-en jasotako osasun arreta bat dator Israelek sinatutako nazioarteko arau eta itun guztiekin”.

Israelgo HaMoked giza eskubideen aldeko elkartearen esanetan, apirilaren 1ean Gazan atxilotutako 849 preso palestinar ziren Israeleko espetxeetan.