Josetxo Arizkuren Iruñeko euskal preso politikoak bihotzekoa izan zuen azaroaren 29an eta ospitaleratuta dago. Bere osasun egoeraren informazio urria dutela eta senide zein konfiantzazko medikurik gabe dagoela salatu du Sare Herritarrak. Arizkuren eta gaixotasun larriak dituzten beste 17 preso politikoak etxera ekartzea eskatu du, azaroaren 30 iluntzean Iruñean egindako elkarretaratzean.
Sare Herritarrak azaldu duenez, Arizkurenek "aspalditik dauka diagnostikatua kardiopatia iskemiko larri bat. Denbora luzea darama gaixotasun larri honi baldintza gogorretan aurre egiten, urrundua Murtziako espetxean eta zigorraren hasieratik lehen graduan. Duela gutxi jakin berri genuen Logroñora lekualdatua izango zela eta bigarren gradura igaroko zutela". Sarek salatu du berandu iritsi dela aldaketa hori: "Berandu dator eta gainera ez da nahikoa! Gaixotasun larria duen presoa izanik, duela denbora behar lukeelako zigorra etxean betetzen, artatze egoki bat jaso eta gertatutakoa ekidingo zuen eremu babestu eta lasaian biziz".
Hona hemen azaroaren 30ean Iruñean Sarek deitutako elkarretaratzea:
Josetxo Arizkuren preso iruindarra askatasuna exijitzeko elkarretaratzea gaur Iruñean #GaixoLarriakEtxera.
Concentración en Iruñea para exigir la libertad del preso vasco Josetxo Arizkuren. #PresxsEnfermxsACasa pic.twitter.com/Y1djQMGAyV
— Sare #IzanBidea ↗️ (@sare_herritarra) November 30, 2020
Sarek salatu du Arizkurenen egoeraren inguruan jasotako informazioa "nahasgarria eta urria" dela: azaroaren 29an "bihotzeko baten amagoa" izan zuela esan zieten, biharamunean, berriz, bihotzekoa izan zela eta ospitalizatua dagoela: "Ez dugu beraz bere osasun egoeraren inguruko informazio garbia jaso, horrek senitartekoentzat dakartzan kezka eta beldurrak areagotuz. Guzti honi, urrundua izatearen eta ondorioz senide, konfiantzazko medikuen zaintzarik gabe egotea gehitzen zaio". Horixe bera eskatu du Sarek: "Josetxok ezin da minutu bat gehiago pasa bere gertukoen eta konfiantzazko mediku baten artatzerik gabe. Josetxok etxean egon behar du".
Sarek oroitarazi du Arizkuren bezala, beste 17 preso daudela gaixotasun larriekin kartzeletan. Legea betez hauek etxeratzeko eskatu du: "Azken hilabeteetan larriki gaixo ziren hainbat presorekin egin moduan, Josetxo eta beste 17 presoak etxera ekartzea beharrezkoa da, eta legearen barruan guztiz egingarria gainera, beraz, ez dago espetxean mantentzeko inolako arrazoi ez eta aitzakiarik".