argia.eus
INPRIMATU
Ospa Eguna eginen dute Altsasun larunbatean
  • Bosgarren urtez antolatu dute Altsasun Ospa Eguna. Larunbatean goizetik hasi eta egun osoan iraungo duen jaiarekin “indar okupatzaileak herritik kanpo” nahi dituztela aldarrikatu eta “errepresioaren aurka” eginen dute.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 25a
Bosgarren urtez antolatu dute Altsasun Ospa Eguna (argazkia: Alternatiba)

“Ez dira geldituko, gelditzen ez baditugu!” goiburuarekin antolatu dute aurtengo edizioa, eta larunbateko jaiaz gain, aste osoan ekitaldi anitzak ere antolatu dituzte “Ospa astea” izenarekin. Hitzaldiak, dokumentalak, haur jolasak edota kontzertuak egonen dira astelehenetik ostiralera bitartean.

Larunbatean, berriz, jai nagusiari ekinen diote. Foruen Plazan emanen diote hasiera egunari dantzariek lagunduta, eta trikipoteoa eginen dute jarraian. Elektrotxarangak eta “mozkorgonetak” girotuta kalejira izanen da herrian zehar bazkariaren ostean, eta gauean, kontzertuak izanen dituzte: Garabatos, Marianitoz Blai eta Pausoka erromeria.

Antolatzaileek adierazi dute “errepresioak jarraitzen badu ere”, herritarrak tinko mantentzea pozgarria dela: “Harro gaude, errepresioaren aurkako masa kritiko zabal eta indartsua baitugu herrian, ez diona bere eskubide zibil eta askatasun politikoen alde borrokatzeari utzi”.

Aurtengo Ospa Eguna ere, aurrekoak bezala, umorez betetako aldarrikapena izanen dela aurreratu dute antolatzaileek. “Umorea, festa eta aldarrikapena kutsu satirikoarekin nahastuz kalera antzeztera aterako gara”.