argia.eus
INPRIMATU
“Oso zaila da nire mina frogatzea, besteentzat oharkabean pasatzen delako”
  • Giltzaduretan mina, handura agerraldiak eta zurruntasuna eragiten duen gaixotasun autoimmune bat dauka Martak; salatu du sistemak trabak jartzen dizkiela.

Olaia L. Garaialde 2023ko abenduaren 22a
Gaitzak eragindako ondorioengatik "ziurgabetasuna" eta "beldurra" sentitzen duela kontatu du Martak.

Artiritis erreumatoidearen sintoma nagusiak sentitzen ditu Martak: giltzaduretan mina, handura agerraldiak eta zurruntasuna. Gaitz autoimmune bat denez, sistema inmulologikoak giltzadurei eragiten die; hala nola behatzetan, eskumuturretan, oinetan eta belaunetan min kronikoa eta hantura agerraldiak eragiten ditu.

Gehienetan 30 eta 50 urte artean ematen dira gaitz honen lehen sintomak, baina haurretan eta zaharretan ere eman daitezke. Martari esate baterako, 28 urterekin jakinarazi zioten artritis erreumatoidea zuela: "Ez da batere erraza diagnostikatzea; odol analisiak eta erradiografiak egiten dituzte parametro konkretu batzuk agertu arte; urteak egon gaitezke diagnostiko baten bila".

Osasun arloan lan egiten du, eta askotan pazienteak altxatzen eta mugitzen aritu behar du. Sintomen ondorioz denbora luzez lan egin gabe egoten dela azaldu du: "Oso gogorra da, minak pozoitzen zaituelako. Gainera, gogor ematen didanean kosta egiten bazait janztea, pentsa zenbat kostatzen zaidan beste norbait mugitzea". 

"Egun batean ongi nagoenez eta hurrengoan ezin naizenez mugitu, ez dakit zenbat iraungo dudan lanean, lagunekin egindako planak bertan behera utzi beharko ote ditudan..."

Orain lan egiten duen lekuan paziente asko altxatu behar dituenez, beste leku batera mugitzeko eskatzen ari da, baina salatu du lanean zailtasunak jartzen dizkiotela. Aldaketak lortzeko desgaitasunen bat duela akreditatzen duen dokumentua behar du, baina "oso zaila" da eskuratzea: "Prozesua konplexua izateaz gain, oso zaila da nire mina frogatzea, besteentzat oharkabean pasatzen delako". Izan ere, luzarora giltzadurak suntsituta edo higatuta daudela ikus daitekeen arren, mina ez da ikusten.

Horri lotuta, autodeterminaziorako eskubidea ere urratzen diotela uste du: "Desgaitutzat izan dezaket neure burua, baina ez badut akreditatzen duen zerbait, sistemarentzat ez naiz desgaitua, eta ezin ditut niretzat beharrezkoak diren aldaketak lortu". Gaineratu du biztanle guztientzat ez dela erraza osasun publikora iristea: "Akreditazioa lortzeko zailtasunak baditut, pentsa egoera zaurgarriagoan dauden pertsonak; esate baterako, etorkinak".

Horrekin batera. lanaldia erdira jaisteko eskatu behar izan du estresak gaitza areagotzen duelako: "Beste egoera batean agian ez nuke lanaldi erdia beharko, baina zerbitzu minimoetan lan egiten dugunez estres handia bizi dugu". Gaineratu du langile gehiago kontratu beharko lituzketela: "Kalitatezko osasun publikoa eta unibertsala nahi badugu langileon eskubideak bermatu behar ditugu. Ezin gara lanez lepo egon eta minimoetan lan egin". Izan ere, langileei eragiteaz gain, osasun arretan ere eragin zuzena dauka: "Gu gara pazienteak zaintzen dituztenak, baina nork zaintzen gaitu? Sistemak ez".

Lanaldi erdiarekin duela gutxi hasi bada ere, luzera, ekonomia arazoak izan ditzakeela uste du: "Ez dudanez akreditaziorik esaten duena lanaldi erdia behar dudala, gaixotasunarekin ezin dut dirulaguntzarik eskatu gastu guztiak ordaintzeko. Azkenean, horrelako praktikek desgaituon prekarizazioa sustatzen dute".

Arazo ekonomikoengatik zein gaitzak eragindako beste ondorio batzuengatik "ziurgabetasuna" eta "beldurra" sentitzen duela kontatu du: "Egun batean ongi nagoenez eta hurrengoan ezin naizenez mugitu, ez dakit zenbat iraungo dudan lanean, lagunekin egindako planak bertan behera utzi beharko ditudan, pasatzeko ongi egonen naizen, eta beste mila gauza egiteko aukera izanen dudan".