argia.eus
INPRIMATU
Oskola eta mamia
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abuztuaren 30

Iñaki Beraetxek esana Euskadi Irratian: “Uste dut Euskal Herrian akats larria egin dugula kontinenteei [itxurari] halako garrantzia emanik, eta kontenidoa-ri [edukiari] batere ez. Gauzak horrela daude hiriburu guztietan, eraikuntza handiak egin diren lekuetan”.

Donostiako Kursaalak mende laurdena bete duenaren aitzakian, Beraetxeri galdetzea ea askotan egona den hor, inplizituki erretiluan ematea da “proiektuaz zer iritzi duzu”, euskarazko kulturgileen prekarietate maila zer nolakoa den jakinda eta, normalki, Beraetxe ez denean mutu geratuko. Bere erantzuna: “Gauzatxo batzuk egin ditut tarteka”. Ondoren jaurti du goiko lerroetara ekarritako kritika. Kursaalaz ez ezik, Tabakaleraz eta gauza gehiagoz ere ari zen.

Forma ugari har ditzake oskolak, baina guztiek dute, moldagarritasunak moldagarritasun, ezaugarri bera: azalekoa dela, kanpokoa, erakusten dena. Erakusleihoa, oskola; eta dendaostea, mamia. Orok ditu bere oskol eta bere mami, baina atentzioa ematen du zein pisu hartu duen oskolak, eta nola gizarteak, geroz eta nabarmenago, horra jotzen duen.

Hondartza sasoi betean, ikusi nahi dituenarentzat, ondo asko bistaratzen dira dendaosteak: jubilatuen ehun metroko lasterketak, ur-izkinaren pareko lekua hartzeko, “onena” delako; kontagailu bat, lehen eguzkitako itzalkina nork eta noiz jarri duen erregistratzeko –tipo batek goizaldeko 5:36ean hartu zuen lekua hondartzan, eta ez, gizona ez zetorren parrandatik–, lehiaketa “graziosoa” omen; beste gizon bat metro erdi uretan sartuta, itzalkin eta guzti, eserita, garagardo lata eskuan, marea noiz jaitsi zain, lehen lerroan geratzeko; orokorrean kanpaldiak, literalki kanpaldiak, hondartzan... Eta argazkiak, argazkiak eta argazkiak. Instagram, Tik Tok eta enparau gehiago, erakusleiho. Esateko hor gaudela, eta zeinen ondo gainera. Eguzkia hartzen egotea mundu guztiarentzat inoizko planik onena balitz bezalaxe...

Zenbaitzuek ez diote erakusleiho masibo horri begiratu nahi. Zeuk, kanal horietan ez egotea erabaki baduzu, segur aski zure ezagun piloa –jakizu zergatik denak– aurten Portugalen eta bereziki Azoreetan egon dira. Baina ez zara ikustetik libro: Teleberriak zertarako daude, bada, ez bada euskaldunak zeinen ongi bizi garen esateko?

Garai likidoak zetozela zioen Zygmunt Baumanek, eta arrazoi zuen, guztia da aldakorra, eta gehiago birakorra. Guztiak biratzen du oskolaren estilismoaren eta tendentziei lotuta, nahiz eta soilik oskola erakustearena ez izan gaur goizeko kontua. Agian aldatu dena da beste aldean dagoenak mamira jotzeko geroz eta interes gutxiago duela, eta tendentzia dela horretan geratzea, oskolean.