Oscar Niemeyer arkitektoa hil da 104 urterekin. Planaltoko Jauregian jarri dute beilatokia, berak eginiko eraikuntza eta gaur egun Errepublikako presidentearen egoitza ofiziala dena. Ez zuen bereizgarri eta ohorerik nahi, baina Brasilgo gobernuak bere egoitza utzi dio beilatokirako.
Brasilgo Arkitekturaren “aita” bezala ezagutzen denak Brasilia hiriburua du obra ezagunena eta nagusiena. Lucio Costa hirigilearekin batera diseinatu zuen. Erreferente nagusi izan da arkitektura modernoan.
New Yorkeko NBEren eraikina, Parisko alderdi komunistaren egoitza eta Brasiliako katedral katolikoa daude bere obren artean. Niemeyerrek egindako 600 lan baino gehiago daude mundu osoan. Hainbat sari jaso ditu, esaterako 1988an Pritzker saria, arkitekturan Nobel Sariaren parekotzat jotzen dena. UNESCOren Kultura saria ere jaso zuen 2001an.
Bere obra esanguratsuenen argazkiak ikus ditzakezu Cubadebate webgunean, arkitektoari buruzko informazioarekin batera.