Parte hartzeak arreta piztuta sartu zen Oscar Fresan Iruñeko Podemosen, “Nafarroako hiritarrentzako aldaketarako tresna” dela sinetsita. Egun, udal-hauteskundeak irabaztea da beraien asmoa.
Denetariko gaiak ukitu dituzte elkarrizketan, baina erantzun ziurrik ez du eman Fresanek, aurrez asanbladan horretaz hitz egin arte eta jarrera adostu arte.
Hauteskundeetan beste alderdi batzuekin itunak adosteko aukeraz mintzatu da, besteak beste. “Herri kontseiluak erabakiko du hori bere garaian. Gu beti egongo gara laguntzarik ez duten herritarren ondoan, besteak ere hor egongo ote dira? Nahiko ote dute beraiek gurekin negoziatu?”.
Erabakitzeko eskubidea eta euskararen legea
Autodeterminazio eskubideaz galdetzean, erabakitze eskubidea "oso garrantzitsua" dela berretsi du Fresanek, eta konstituzio berri bati buruz hitz egin ahal izatea aldarrikatu du.
Nafarroako Euskararen legea eta CAN auzia ere izan dituzte hizpide. Podemosek hizkuntzak errespetatzeko printzipioak dituela adierazi du idazkari nagusiak, eta gaiaren inguruan eztabaidatzen ari direla asanbladetan. “Ustelkeriari aurre egiteko, berriz, ez dago gobernura iristea baino hoberik. Kontu-ikuskaritza bat sortu beharko litzateke horretarako”.
Larunbateko manifestazioa aipatuta, herriari entzun beharraren garrantzia azpimarratu du beste behin. “Perspektiba berri bat ematea espero dugu Podemosen”.