Abuztuaren 13rako deitu dute manifestaziora, Donostian, bertako udalak zezenketak onartzen eta errazten dituelako.
Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoa (GPA) “gure lurretik zezenketak erauzteko indarrak bildu behar direla uste duten animalien aldeko elkarte zein alderdi politikoek” sortutako mugimendua da. Zezenketen aurkako ahots bakarra osatzeko helburua du plataformak, eta gaiaren inguruko aniztasun eta pluraltasuna bildu nahi dituen aterkia izan nahi du.
‘Gure eskuetan’ lelopean egin dute prentsaurrekoa, uztailaren 20ean, Donostiako udaletxean. Prentsaurrekoaren helburu nagusia herritarrei manifestaziora joateko gonbita luzatzea izan da. Abuztuaren 13an arratsaldeko 18:00etan Donostiako Bulebarretik abiatuta egingo da mobilizazio antitaurinoa. Donostiako Udalak herritarren borondateari “jaramonik egin gabe” Ilunben zezenketak egitea ahalbidetu duela salatu du plataformak. Udalak berak inkestak zabaltzen ditu, eta bertan herritarren nahia argi ikusten dela ziurtatu dute: zezenketarik ez egotea.
Plataformak salatu du ere udalak ez duela galdeketak egiteko debekuaren oztopoa gainditzeko asmorik eta debeku horren atzean ezkutatzen dela, bere betebeharrak saihestuz. Donostiako Udalak festetan animaliekiko tratu txarrak onartzea tamalgarritzat jo du plataformak, eta gaineratu du zezenketak programazio ofizialetik kanpo uztea ez dela nahikoa. Zezenketa gehiagorik ez egitea udalaren esku dagoela azpimarratu du, baina egiteari utzi ordez baimendu eta erraztasunak ematen dituela.
Jendarte "moderno" batek animaliekiko tratu txarrak onartu ezin dituelako jaio da Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoa. Zezenketak “historiaurreko odoluste edo sarraski” direla ziurtatu dute bozeramaileek, eta horiek gure herrietatik desagerrarazi arte amorerik ez dutela emango azpimarratu dute.