argia.eus
INPRIMATU
Osasungintzako profesionalen hamarretik bik ez daki euskaraz EAEn, eta Nafarroan ia hamarretik zazpik
  • UEMAk asteazkenean eman zituen jakitera aurtengo datuak; orokorrean, ez dute aldaketa handirik izan. Hezkuntzan eragin behar dela nabarmendu du Josu Labaka UEMAko lehendakariak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 26a

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) osasungintza arloko profesionalen hizkuntza gaitasuna aztertu du, herritarrek euskaraz aritzeko eskubidea bermatzeko xedez. Bi urtean behin egiten da lanketa, eta aurten, orotara 86 udalerritan banatutako 616 langile aztertu dituzte.

UEMAren datuen arabera EAEko Osasun sistemako langileen %21’6k ez du hizkuntza-eskakizunik, eta are okerragoa da datua Nafarroan: %68a. Orain bi urteko datuekin alderatuta hobekuntza nabarmenik ez dela ageri azpimarratu du Labakak, eta kezka azaldu du.

Nafarroako Osasunbidek iaz eman zuen aurrerapausoa: euskararen B2 maila eskatzeari ekin zion. Hala eta guztiz ere, oposaketetan ez zen beharrezkoa izan B2 maila izatea, Nafarroako Gobernuak ez baitu hala dioen legerik. Bestalde, Labakak adierazi du kezka dutela hizkuntz-eskakizuna daukatenekin, baina euskaraz komunikatzeko gai ez direnekin –alderantzizkoa ere gertatzen da–. Horren aurrean zer eta nola egin jakitea zaila dela esan du.

Ezta haurrek ere

Dena dela, fokoa haur eta gazteengan jarri du Labakak. Orokorrean denei eragiten dien arazoa bada ere, gazteenen kasuan larriagoa da.

Anbulatorioa duen udalerririk txikienek ere pediatra bat izan ohi dute –askotan bakarra–, eta hori erdalduna izateak eragin handia du. Deba, Getaria, Aramaio, Usurbil, Leitza eta Elgeta aipatu ditu adibide bezala. Gainera, nabarmendu nahi izan du UEMA osatzen duten udalerri askok ez dutela anbulatoriorik –herri txikiak direlako–, eta beraz, herritarrek sarri joan behar izaten dutela hiri edota herri handiagoetara, eta han arazoa larriagoa dela.

Hezkuntzan eragin beharra

Mediku eta erizainak formatzen diren lekutik, unibertsitatetik, hasi behar dela lanean nabarmendu eta eskatu du Labakak, publikoki salatuz EHUk eskaintzen dituen euskaldunentzako plazak gutxiegi direla –ikasturte honetan kopurua igo duten arren–. Azken finean, “zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti, hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez bada”, azpimarratu du UEMAko lehendakariak.