argia.eus
INPRIMATU
Osasungintzako ikasleek itxialdia egin dute euskaraz ikasi ezin dutela salatzeko
  • Osasungintzako 120 ikasle EHUko Leioako campuseko Medikuntza eta Odontologia itxialdia egin dute. EHUk eta Osakidetzak euskararekin duten jarrera salatu nahi dute horrela.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 12a
@medikasanblada

“Gaur egun ezin ditugu medikuntza, odontologia eta fisioterapiako graduak euskaraz osorik ikasi eta egoera honen arduradun EHUko eta Osakidetzako agintariak egiten ditugu. Neurri ugari har daitezke, baina horretarako  pentsatzen jarri behar da eta borondatea izan”.

Era berean, fakultateko dekanotzak euskararekiko duen jarrera zein den publiko egin dute: “Dekanotza talde berriarentzat ikasketak euskaraz egiteko aukera izatea ez da lehentasunezko kontua, eta horrela dela esateko lotsarik ere ez dute, gainera”.

“Bada garaia euskaldunok bigarren mailako herritar izateari uzteko. Gure eskubidea da euskaraz bizitzea eta bere alde borroka egingo dugu”, adierazi dute ikasleak.

Joan den azaroaren 14an euskarak EHUn bizi duen egoera salatzeko manifestazioa egin zuten campusean. Euskara talde eta ikasle asanblada eta eragile ezberdinek bultzatutako mobilizazioak eraginak izan dituela adierazi dute: “Mobilizazioen ostean eta gure proposamenei kasu eginda, EHUko euskara errektore-ordeak egindako lanari esker, besteak beste, irakasgai oso bat zein batzuen zatiak euskaratzea lortu da”.

Medikuntza Asanbladaren X. urteurrenaren harira antolatu dute itxialdia. Ikuspuntu kritiko batetik osasun arloarekin loturiko hainbat gai jorratu dituzte hitzaldi eta tailer ezberdinetan.