EAEko Medicusmundik desoreka sozialen eta osasunaren pribatizazioaren arteko loturak aztertzeko ikerketa egin du. Osasun arreta desegokiak desoreka sozialak handitu ditzakeela azpimarratu du.
Ikerketaren izenburua ondokoa da: “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun sistemaren pribatizazio prozesuak”. Gobernuz Kanpoko Erakundeak osasun sistema unibertsala, publikoa eta kalitatezkoa eskatu ditu.
Gizarte desorekak heredatu egiten dira eta haur eta gazteen osasunean eragina dute gurasoen ezaugarri sozioekonomikoek, baita etxebizitzaren ezaugarriek ere. Medicusmundiren ustez, osasun sistemek osasun eremuko gizarte desorekak sortzen eginkizun mugatua dute, baina desoreka horiek murrizten edo areagotzen eragin dezakete.
Ondorioztatu dutenez, premia gehien dutenek erabiltzen dituzte gutxien osasun zerbitzuak. Osasun sistemak arreta denei eskaintzen die osasun premiak kontuan hartu gabe eta ondorioz premia gutxien dituenak eskura izaten ditu baliabide gehien.
EAEko osasun sistemak guztiz estaltzen dituen edo zati batean estaltzen dituen zerbitzuak aipatu ditu Medicusmundik eta dentistaren adibidea eman du. Zenbat eta klase sozial baxuagoa orduan eta gutxiagotan joaten da herritarra dentistarengana.
Osasunaren pribatizazioa osasunerako eskubidea galtzeko arrisku gisa ulertzen du Medicusmundik. Ikerketan EAEko osasun sisteman (finantzaketan, aseguruetan, estalduretan eta heziketan) gertatzen ari diren pribatizazio prozesuak aztertu dituzte.
Finantzaketa pribatuak osasun alorreko gastu osoan duen ehunekoa %26,8 da EAEn. Herbehereak, Danimarka eta Norvegian %15ean dabil.
2015ean, 2003arekin alderatuz, osasun aseguru pribatua duen pertsonen %33 handitu da.
EAEn osasun arretan inbertitzen den diru publikoaren 10 eurotik bat enpresa edo erakunde pribatuak kontratatzeko erabiltzen da, nahiz eta kopuru horrek jaitsiera txiki bat izan duen azken urteetan.