argia.eus
INPRIMATU
Osasungintza publikoaren alde eta Osakidetzaren kudeaketa salatzeko manifestazioak egingo dituzte larunbatean
  • Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta Donostin, Bilbon eta Gasteizen mobilizatzeko deia egin dute. Gaur goizean Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleetan, "lan baldintza eskasak" salatzeko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 20a
Sindikatuek bi greba egun deitu dituzte maiatzaren 18 eta 19rako. (Argazkia: ELA)

Osasun sistema "publikoa, duina eta kalitatezkoa" aldarrikatzeko eta Osakidetzaren kudeaketa salatzeko manifestazioak egingo dituzte larunbatean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak egindako deialdia da, hainbat erakunde sozial eta sindikalekin batera. 

Plataformak salatu du Osakidetza gaur egun dagoen egoera "arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa negargarriaren emaitza" dela. Hainbat egoera aipatu ditu: anbultorioak itxi eta arreta-ordutegiak estutzea, arreta presentziala lortzeko zailtasunak handitzea, espezialista bat eskuratzeko itxaron-zerrendak luzatzea, ebakuntza kirurgikoak egiteko epeak luzatzea, lehen mailako osasun langileak etengabe ordezkatzea eta hizkuntza-eskubideak urratzea, besteak beste. 

Manifestazioa Gasteizen 12:00etan abiatuko da Bilbo Plazatik, Bilbon ordu berean Jesusen Bihotzatik eta Donostian 17:00etan Boulevardetik.

Gaur elkarretaratzeak ospitaleetan

Gaur, osteguna, Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetan. Salatu dute lan baldintza "eskasak" dituztela eta "konponbide sakonak" behar dituztela osasun publikoa lehentasun bilakatzeko. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute Osakidetzaren egoera "larria" dela, bereziki lehen arretan. Sindikatuek bi greba egun deitu dituzte maiatzaren 18 eta 19rako, Mahai Sektorialaren "blokeoa" eta Osasun Sailaren "konponbiderik eza" salatzeko.

Azken asteetako salaketak

Osakidetzaren kudeaketaren inguruko salaketa ugari egin dituzte azken asteetan. Besteak beste, asteburuan Gasteizen azaldu dute Arabako landa eremuan txandakatze-sistema ari dela planteatzen Osakidetza, langileak anbulatorio batetik bestera aldatzeko. Salatu dute horrek pazienteen eta erreferentziazko osasun langileen arteko harremana ezabatzea ekarriko lukeela eta landa eremuko langileen eskubideak urratuko lituzkeela. 

Mosaikoa egin dute Andra Mari Zuriaren plazan, eta plataformako kideek honako adierazpenak egin dituzte: "Gaixotasunen prebentzioan funtsezkoa den lehen mailako arretak ez du profesional nahikorik; eta auzo eta herri batzuetan ez da existitzen. Ez dagozkien lanak egiten dituzten profesionalak ditugu, paziente gehiegi dituztenak; eta, horrek, pazienteek aurrez aurreko arreta lortzeko ezina dakar, etsipena sorraraziz".

Duela astebete, berriz, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak Eusko Jaurlaritzari zenbait neurri hartzeko eskatu zion, lehen mailako arretak Gipuzkoan nahiz EAE osoan profesionalen eta gaixoen beharretara egokitzen den "kalitatezko sistema" bat lortzeko. Salatu zuen profesional askok "ondoez psikikoa" pairatzen dutela lan baldintzen ondorioz.

Arabako Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformak Osakidetzako pediatriaren egoera "larria" salatu zuen hil honen hasieran. Arabako 100 familia inguruk egindako agerraldian azaldu zuten itxaron zerrenda luzeak daudela, gaixoek medikuekin denbora gutxi igarotzen dutela eta arreta euskaraz jasotzeko zailtasunak dituztela. Adierazi zuten profesional gutxi daudela eta baja bat hartzean ez direla ordezten. Pediatria plazen ia laurdena bete gabe dago.