argia.eus
INPRIMATU
Filtrazioa: Osasungintza publikoa salgai jartzea eztabaidagai AEB eta EB artean
  • AEB, Europar Batasuna eta beste zenbait herrialde sekretupean negoziatzen ari diren TISA akordioko dokumentu batek erakutsi duenez, osasungintza merkaturatzea aztertzen ari dira mundu osoko hainbat herrialde.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 04a
Osasun zerbitzuak okertzea ekarriko luke filtratu den dokumentuan proposatzen diren neurriak hartzeak. Argazkian Gurutzetako ospitaleko itxarongela.

Filtrazio baten bidez iritsi da dokumentua Espainiako hainbat hedabidek elkarlanean sortu duten Filtra.la zerbitzura.

TISA negoziazioen barruko osasun zerbitzuei buruzko txostena izeneko dokumentuak dioenez, estatuek osasun zerbitzuak finantzatzen dituztenez, atzerriko lehiakideentzat eremu hori ez da “interesgarria”.

Hedabideetara iritsi den testua Turkiak egindako proposamena da ustez, ElDiario.es-en irakur daitekeenez; eta joan den urteko irailean eztabaidatu zuten Europar Batasuneko kideek Genevan.

Osasun zerbitzuak merkaturatzea izango litzateke azken xedea, gaixo dagoen jendearen artean “osasun turismoa” sustatzearekin batera.

Herritarrek jasango lituzketen ondorioak

Public Services International (PSI) erakundeko Odile Frankek adierazi duenez, proposamenak eragin oso kaltegarriak izango lituzke herritarrentzat. Garapen bidean diren herrialdeetako osasun zerbitzuak garestituko lituzke eta herrialde garatuetan berriz, zerbitzuen kalitatea gutxituko litzateke.

Erakunde bereko idazkari nagusi Rosa Pavanellik gogora ekarri du osasungintza giza eskubidea dela eta ez dagoela salgai. “Osasun zerbitzuak baldin badaude, gure familiak seguru eta osasuntsu mantentzeko da, ez korporazio handiek irabaziak lor ditzaten”.