argia.eus
INPRIMATU
Osasungintza “guztiz publiko eta kalitatezkoa” aldarrikatu dute milaka lagunek kalean
  • Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak egin dituzte larunbatean, Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deituta.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 13a
Bilboko manifestazioa. // Argazkia: Ecuador Etxea

Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri plataformek (OPA Herri Plataformak) Osakidetzaren “egoera larria” salatzeko manifestazioak egin dituzte larunbatean EAEko hiru hiriburuetan. Osasun sistema “guztiz publiko, unibertsal, duin eta kalitatezkoa” aldarrikatzeaz gain, osasungintza publikoaren “murrizketak eta pribatizazioa” salatu dituzte. Milaka lagun bildu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan, eta dozenaka euskal sindikatu eta eragilek bat egin dute manifestazioekin.

“Osasungintza publikoak eta lehen arretak pairatzen duten hondatzea” salatu du Donostiako deitzaileen bozeramaile Kontxi Revollok. Halaber, horren erantzule egin ditu “Eusko Jaurlaritzaren murrizketa, eraiste eta pribatizazio politikak”.

“Premiazko irtenbide” bat eskatu du plataformen koordinakundeko bozeramaile Jose Ignacio Martinezek Bilboko manifestazioan. Martinezek gaineratu du osasungintza ez dela salerosketarako gaia, “eskubide unibertsala” baizik. Bestalde, azpimarratu du irtenbidea “osasungintza publikoa indartzea eta baliabide publikoak hobeto erabiltzea” dela.

 

Gasteizko manifestazioa. // Argazkia: OPA
Donostiako manifestazioa. // Argazkia: Donostiako OPA