Medikuntza Graduko euskarazko matrikulazioa behera doala-eta egoera gero eta okerragoa dela salatu du Medikuntza Asanbladak. Dekanotzaren konpromiso falta gaitzetsi dute.
Ikasleek itxialdia egingo dute asteazkenetik ostegunera Medikuntzako Fakultatean. Medikuntzako Graduan euskararen egoera gero eta okerragoa dela salatu dute, hain zuen: euskarazko matrikulazioak behera egin du, eta, beraz, euskarazko klaseen murrizketa egon daitekeela uste dute ikasleek.
Medikuntza Asanbladaren arabera, dekanotzak ez du konpromisorik hartzen gai honekiko, eta klaseen murrizketen arriskua ez ezik beste eskubide urraketa ugari daudela gaitzetsi dute: "plaza elebidunak elebakar bihurtzea, euskarako irakasleen kontratazio eta lan baldintza okerragoak, hizkuntzaren garapenean apustua egiteko interes falta...". Gaineratu dutenez, medikuntza ez beste osasungintzako ikasketetan ere ez da ona euskararen egoera.
Asteazken eta ostegunerako egitarau oparoa prestatu dute Medikuntza Asanbladako kideek, eta ostegunean Leioako campuseko beste ikasleekin batera egingo duten euskararen aldeko manifestaziora deitu dute.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra