argia.eus
INPRIMATU
Osasunbideko osteguneko greba bertan behera utzi dute LABek eta UGTk, gobernuarekin akordioa sinatuta
  • Gobernuak “Osasunbideko langile guztien baldintzak hobetuko dituzten proposamenak” onartu dituela azaldu du LABek, eta lortutako aintzat hartuta “arduragabea” litzatekeela osteguneko greba deialdia egitea. ELAren ustez akordioa “ hutsik dago, eta ez dakar inongo hobekuntzarik langileen baldintzetan”. LAB eta UGTren jarrera kritikatu du, eta adierazi du SAE eta CCOO sindikatuekin batera greba deialdia mantentzeko aukera aztertuko duela.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 21
Otsailaren 15ean greba deitu zuten sindikatuek Nafarroako administrazio publikoan, tartean Osasunbidean. Argazkia: X. Letona

LAB eta UGT sindikatuek akordioa sinatu dute asteartean Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin, eta ostegunerako deituta zegoen greba deialdia bertan behera utzi dute. Greba deitu duen intersindikalean gehiengoa dutenez bi sindikatuek, deialdia indargabetuta geratu da.

LABek ohar batean azaldu du akordioa. Azpimarratu du akordioak “langile guztien lan baldintzak” hobetuko dituela: “Hobekuntza horien artean, antolakuntza eta ekonomia eskaerak daude; eta, horrez gain, lan gainkargaren eta plantillen dimentsionamenduaren arloko ekimenak planteatzen diren mahai guztietan parte hartu ahal izatea, bai arreta espezializatuan bai lehen arretan”. [Akordioaren xehetasun gehiago, LABen oharrean]

Akordioa sinatuta, ostegunean greba egitea “guztiz arduragabea” litzatekeela adierazi du LABek: “ Kontuan harturik Nafarroako Parlamentua laster deseginen dutela, aurrekontua bertze interes batzuekin konprometituta dagoela eta egungo arduradunek negoziatzeko gaitasunik ez dutela, LABek guztiz arduragabetzat jo du oraingo mobilizazioei eustea”.

LABek ziurtatu du “adi” egongo dela gobernuak “adierazitako konpromisoak bete ditzan”.

ELA “edukirik gabeko” akordioaren aurka

ELAk gogor kritikatu ditu akordioa zein bera sinatu duten sindikatuen jarrera ohar batean. Sinatutakoak ez duela zehaztasunik iritzi dio ELA, ez duela Osasunbidea “ezertara konprometitzen”, eta ez dakarrela lan baldintzetan “inongo hobekuntzarik”.

LABek eta UGTk “edukirik gabeko” akordioa grebarako bi egun falta zirela sinatu izana kritikatu du ere ELAk, eta horren zergatia bi sindikatuen “autonomia faltan” kokatu du: “LABen eta UGTren jarduna EH Bildurekiko eta PSNrekiko autonomia faltak baldintzatu du”. Sindikatuak alderdi politikoekiko independente izateko beharra aldarrikatu du ELAk.

LAB sindikatuari kritika zuzena egin dio ELAk: “ Oso larria da LABek, akordioa sinatzeaz gain, greba bertan behera utzi izana, sinatu ez duten sindikatuei greba egitea galarazteko asmoz”. Greba batzordea osatzen duten gainontzeko bi sindikatuekin –SAE eta CCOO– hitz egiteko asmoa adierazi du, batetik, ostegunena bertan “akordioaren aurkako protestak” egiteko aukera aztertzeko eta, bestetik, “greba egun gehiago” proposatzeko.