argia.eus
INPRIMATU
Osasunbideako lan-baldintzak hobetzeko Osasun Legea erreformatu dute Nafarroan
  • Ostegun honetan egin da bozketa Nafarroako Legebiltzarrean eta, gutxitan bezala, 49 aldeko boto izan ditu eta abstentzio bat, Izquierda-Ezkerrarena (I-E), eta ez edukiengatik aurka zegoelako, gobernutik sindikatuei emandako tratu txarragatik baizik.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 23a
Azken asteotan Osasunbideko langileek mobilizazio ugari egin dituzten haien lan baldintzan hobetzeko. (Argazkia: UGT)

PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bilduren artean proposatu dute lege erreforma eta eztabaidaren ondoren, Navarra Sumak ere bat egin du proposamenarekin. Lege erreformarekin, 11/1992 Foru Legea aldatzen da eta onartutako neurririk garrantzitsuena Nafarroako Sindikatu Medikoarekiko negoziatutako hileko soldataren 400 euroko igoera da. Sindikatu Medikoak egindako grebaren ondorio garrantzitsuena da honakoa eta 2.300 bat medikuri eragiten die.

Horrez gain, hobekuntzak egin dira ordainsarietan, mailen igoeran, barne mugigarritasunean, lizentzietan, edota, besteak beste, antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarrietan. Aurten jarriko dira indarrean neurri horiek guztiak, eta Osasun Departamentuaren kalkuluetan hobekuntza guztiek 20 bat milioi euroko kostua izango dute, horietatik 8,5 medikuen soldatetan.

Hobekuntzak eragingo die, halaber, karrera profesionala –2008an lortu zen lan-sari berezi bat– duten langileei, lehen urratsean A eta B mailako profesionalei, baina ondoren baita C eta Dkoei ere. Azkenean, guztira 8.000 langile baino gehiagori eragingo die.

Landa eremuetara joan behar duten Lehen Arretako langileek ere onurak izango dituzte: 75, 100 eta 150 euro hileko, hurrenez hurren 59 arte, 79 arte edo 80tik gora kilometroko bidaiak egin behar badituzte. Hain zuzen ere, Lehen Arreta indartzea izan da gaurko eztabaidaren ardatzetakoa eta esparru horretan lanpostu gehiago sortzea adostu dute, besteak beste, medikuen lan karga arindu ahal izateko. Paziente kopuruari dagokionez, Lehen Arretan mediku batek 32 gaixo artatu beharko ditu gehienez eguneko, eta bakoitzarekin gutxienez 12 minutu egon beharko du.

Greba bertan behera

Gaur onartu dituzten neurri horietako batzuk LABek eta UGTk negoziatu dituzte azken egunotan, eta horrela bertan behera utzi dute ostegun honetarako Osasunbideko intersindikalak deituta zuen greba. Bi sindikatu horien esanetan, lortutakoaren ondoren arduragabekeria litzateke deialdiarekin aurrera jarraitzea.

CCOO, ELA eta SAE sindikatuek, aldiz, oso gogor kritikatu dute LABen eta UGTren akordioa, eta leporatu diete adostutakoa oso urruti dagoela gaurko grebarako zituzten aldarrikapenetatik. Horrez gain, biei menpekotasun politikoak izatea leporatu diete eta beste greba deialdi bat egin dute apirilaren 4rako.

Erdiko jarlekuetan, behean eta ezkerrean, Santos Indurain Osasun Departamentuko kontseilaria gaurko saioan. (Argazkia: Nafarroako Legebiltzarra)