LAB sindikatuak salatu duenez, kudeaketa kaxkarra dela-eta Osasunbidea zerbitzuko 350 langile kaleratu ditu Nafarroako Gobernuak. Mobilizazioak egingo dituzte irailaren 30ean.
Nafarroako Gobernuak “zenbaki gorritan” utzi du Osasunbideko lantaldea, LAB sindikatuaren arabera. Osasun zerbitzuko 350 langile kaleratu ditu Osasun Departamentuak, funts guztiak itxaron-zerrendak murriztera bideratzeko. Gainera, kontratazio berriak etengo dituztela salatu du sindikatuak.
Osasun publikoarekin eta herritarrekin “konpromiso falta” egotzi dio LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari, eta asistentziaren kalitatearen kaskartzea eta langileen eskubideen urratzea salatu du. Funtsen erabilera okerra eta mediku eta erizainen falta deitoratu du sindikatuak. Gainera, gobernua Osasunbideko itxaron-zerrendak murrizten saiatu izana ere gezurtatu du, kontsulta espezializatuetako eta arlo kirurgikoko jarduera ez baita pandemia aurreko egoerara itzuli, besteak beste.
Egoera salatzeko elkarretaratzeak egingo ditu LABek irailaren 30ean Vianako Printzea Kontsulten Zentroan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zabalgunean; Lizarrako García Orcoyen Ospitalearen ate nagusian; eta Tuterako Reina Sofía Ospitalearen ate nagusian.