argia.eus
INPRIMATU
Osasunbidean abortatzeko eskubidea ziurtatuko du Nafarroako Gobernuak
  • Fernando Dominguez (Osasun kontseilaria): "Abortuaren dekretua baino gehiago da hau, sexu osasun politika berri baten ikurra delako, errealitate sozial berriarekin bat etorriko dena".

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko azaroaren 22a

Osasunbidean abortatzeko eskubidea ziurtatuko du Gobernuak. Abortuaren dekretua aurkeztu du Osasun kontseilariak. Fernando Dominguez, Osasun Kontseilariak, lauko gobernuko ordezkariek lagunduta eman du horren berri: Geroa Baiko Koldo Martinez; EH Bilduko Bakartxo Ruiz; Podemos-Ahal Duguko Tere Saez eta Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simon izan dira aurkezpen horretan.

Dominguezek nabarmendu duena da, abortuaren dekretua baino gehiago dela hau, sexu osasun politika berri baten ikurra delako, errealitate sozial berriarekin bat etorriko dena. Hortaz, abortua arautzeaz gain, Sexu Osasunerako eta Ugalketarako Zentro bihurtuko dituzte orain arte Emakumeak Artatzeko Gune zirenak. Zentro horietan guztietan normalizatuko da abortu farmakologikoa eta arreta integrala eskainiko dute.

Dekretuak hortaz, sare publikoan abortatzeko aukera ziurtatuko du eta inplantazioa progresiboa izanen da.

Arrazoi medikuak tarteko direnean, amak edo umekiak gaixotasuna dutenean ospitale gunean eginen dira abortoak. Botika bidezkoak direnean, osasun sexualerako egoitza guztietan eta haurdun dagoen emakumeak eskatutako abortoak 14 astera artekoak direnean ere ospitale gunean eginen dira.

Parte hartze prozesu luze baten ostean aurkeztu dute dekretua. 346 zuzenketa aplikatu dituzte, "araua hobetzeko".

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra